Politika -

Katalunia

'Errepresioarekin bat egitea' leporatu dio Torrak Sanchezi

Bestalde, Roger Torrent Kataluniako Parlamentuko presidentearen iritziz, Espainiako Fiskaltza "justizian oinarritu ordez mendekua bilatu du".

Torrak eta Torrentek adierazpen instituzionala irakurri duten unea. Argazkia: EFE
Torrak eta Torrentek adierazpen instituzionala irakurri duten unea. Argazkia: EFE
Torrak eta Torrentek adierazpen instituzionala irakurri duten unea. Argazkia: EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Estatuaren Abokatuak Katalunian auzipetutako buruzagi independentistentzat egindako zigor eskaerak onartezintzat jo ditu ostiral honetan Quim Torra Generalitateko presidenteak. Ildo horretatik, eskaera horiek “gehiegizkoak” direla ziurtatu du, eta Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteari “errepresioaren konplize” izatea leporatu dio. Izan ere, gatazkari behar bezala heltzeko “urrezko aukera” galdu duela esan du.

Kataluniako Parlamentuak adostutako adierazpen instituzional bateratua irakurri du Torrak, Roger Torrent Kataluniako Parlamentuko presidentearekin batera egindako agerraldian. Izan ere, Estatuko Abokatuak eta Fiskaltzat goizean eman dute auzipetutako buruzagi independentistentzat eskatzen dtuzten zigorren berri.

Torraren iritziz, Estatuko Abokatuak matxinada delitua baztertzea baina sedizioa leporatzea “ez da keinu bat, preso dauden demokratei egindako mespretxua baizik”.

“Kataluniako gatazka epaitegietatik atera eta gaia behar bezala heltzeko urrezko aukera galdu du gaur Espainiako Gobernuak. Politikan eztabaidatu beharreko gaia baita”, esan du Torrak. Ildo horretatik, Fiskaltzak urriaren 1eko erreferendumean parte hartu zuten herritarrak “kriminalizatu” nahi dituela ziurtatu du.

Hala, gaur egungo egoerari irtenbide politikoa bilatzeko, joan den urriaren 3ko “indarra” berreskuratzeko eskatu die independentziaren alde dauden herritarrei. “Haserrea alde batera utziz egin behar dugu aurrera une latz hauetan. Denok batera, elkarrekin, indarrez eta ausartziaz”, esan du Torrak.

Gauzak horrela, preso dauden buruzagiek ez dutela inoiz deliturik egin ziurtatu du , eta “errepresioa amaitu arte” prozesu independentistak ez duela amore emango azpimarratu du.

“Presoak aske utzi, iheslariak etxera bueltatu eta errepresioa amaitu arte ez dugu amore emango”, esan du.

Beste alde batetik, Roger Torrent (ERC) Kataluniako Parlamentuko presidentearen iritziz, Espainiako Fiskaltza “justizian oinarritu ordez mendekua bilatu du”. Torrentek azaldu duenez, buruzagi independentistentzat eskatutako kartzela zigorrak batuz gero ”200 urte baino gehiago dira”. Hala, auzipetuek ez dutela deliturik egin azpimarratu du, eta “onartezintzat” jo ditu Fiskaltzak egindako eskaerak.

Bere iritziz, Fiskaltzak delitu bera leporatzen die katalan gehienei, izan ere, “prozesu honetan ez dituzte pertsonak zigortu nahi; ideiak eta pentsamenduak baizik”. “Baina zigorrak ezartzen dituzten pertsonek ez dakite ideiak ezin direla kartzelaratu, ez diogula gure etorkizuna demokratikoki erabakitzeari uko egingo eta errepresioaren aurrean ez dugula amore emango”, azpimarratu du Kataluniako Parlamentuko presidenteak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Katalunia Politika Kataluniaren independentzia Espainiako Gobernua argazkiak Espainia argazkiak Pedro Sánchez argazkiak Albisteak Gaur Albisteak Pere Aragonès bideoak Kataluniako prozesua zuzenean