Politika -

DOKUMENTAZIOA

Matxinada eta sedizio delituen arteko ezberdintasunak

Zeintzuk dira bi delituen arteko aldeak? Zer nolako zigorrak ezar daitezke? Zeintzuk dira baldintzak?

ANCk independentziaren alde deitutako manifestazio bat. EFE
ANCk independentziaren alde deitutako manifestazio bat. EFE
ANCk independentziaren alde deitutako manifestazio bat. EFE

AGentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Matxinada eta sedizio delituak ezberdinak dira, baita ezar daitekeen zigorra ere. Dena dela, Kataluniako prozesuaren auzian, bataren zein bestearen alde egin, zigor eskaera antzekoa izan daiteke.

Izan ere, ezin da matxinada eta diru publikoak bidegabe eralgitzearen delitua modu ezberdinduan leporatu. Hala, azken hori matxinada larriagotuaren delituaren baitan egongo litzateke (guztira, 20-25ko kartzela zigorra).

Bigarren kasuan, berriz, sedizioa eta diru publikoak bidegabe eralgitzea bakoitza bere aldetik egotzi ahal dira. 250.000 euro baino gehiago xahutu diren kasuetarako 12 urteko kartzela zigorra eskatzen da. Horri sedizio delituaren eskaera batuz gero (agintarientzat, 10-15 urte), antzeko zigorra ezar daiteke (22-27 urteko kartzela zigorra).

MATXINADA DELITUA

Oinarri juridikoa: Zigor Kodeak 472. artikuluan eta hurrengoetan zehazten du. Zenbait helburu lortzeko (kasu honetan, Espainiaren alde baten independentzia aldarrikatzeko) "indarkeriaz eta publikoki" jarduten dutenak zigortzen ditu. Helburuak hainbat izan litezke; Konstituzioa aldatu, bertan behera utzi edo indargabetu; Gorteak desegin, edo Gobernua kendu eta beste bat jartzea.

Aurreikusitako zigorrak: Zigor handiena 30 urtekoa da baina aurreikusita dago. Matxinada horren buruzagiei ezarriko zaie armak erakutsi, kalte handia egin edota pertsonen kontra indarkeriaz jardun badute. Asaldatzea egiteko diru publikoak bidegabe eralgi badira kontuan hartzen da.

Bidegabeko eralgitzerik ez badago, 15-25 urteko kartzela zigorra ezar diezaiekete buruzagiei;10-15 urtekoa, mendeko arduradunei; 5-10 urtekoa, parte hartzaile soilei.

Bada zigorra arintzeko modu bat: matxinada egiteko konspirazioa leporatzea. Aurreikusitako zigorrak bat edo bi mailatan murritz daitezke.

Aurrekariak: Espainiako Estatuan, orain arte, 1981eko Estatu kolpeko arduradun eta parte hartzaileak zigortu dituzte. Antonio Tejero eta Jaime Milans del Bosch buruzagiei 30 urteko kartzela zigorra ezarri zieten.

SEDIZIO DELITUA

Oinarri juridikoa: Ordena publikoaren kontrako delituen artean dago jasota; zehazki, Zigor Kodeko 544 artikuluan eta hurrengokoetan. Honakoak zigortzen ditu: "Matxinada delitutik kanpo daudelarik, agerian eta modu nahasian altxatzen direnak, indarrez edo legezko bideetatik kanpo, legeen aplikazioa eragozteko, edozein agintari, korporazio ofizial edo funtzionario publikori beraren funtzioan bidezko eran jarduten edo beraren erabakiak betetzen eragozteko, edo Administrazioak edo epaileek emandako ebazpenak betetzen eragozteko.

Aurreikusitako zigorrak: 4-8 urteko kartzela zigorra ezar liteke, baina baita handiagoa ere (8-10) sedizio delituaren buruzagiez ari bagara. Buruzagi horiek agintean badaude, 10-15 urteko zigorra ezar liteke.

Aurrekariak: Carmen Lamela epaileak delitu horrengatik auzipetu zuen Josep Lluis Trapero Mossoen burua eta Generalitateko Barne Kontseilaritzako buruzagi ohiak. Kataluniako Parlamentuko independentzia aldarrikapena babesteko mozioak onartu zituzten udalen arduradunei delitu hori egotzi zieten, baina auzi guztiak artxibatu dituzte.

2010ean Estatuko hainbat aireportutan kaosa eragin zuten aire-kontrolatzaileen auzia ere badago. Palmakoei sedizio eta mehatxuak leporatu zieten, baina azkenean ez zituzten horregatik zigortu.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Auzitegi Nazionala Katalunia Politika Kataluniako erreferenduma Auzitegi Gorena Delituak Epaiketak Eguneko albisteak Albisteak Kataluniako prozesua zuzenean