Politika -

Adierazpena

Presoak hurbiltzea eta gradu bilakaerak bermatzea eskatu du gehiengo sindikalak

ELA, LAB, UGT, Steilas, ESK, Etxalde, Hiru eta EHNE sindikatuek adierazpen bat adostu dute ETAko presoen inguruan.

Presoen eskubideen alde Donostian egindako manifestazio bat. EFE
Presoen eskubideen alde Donostian egindako manifestazio bat. EFE
Presoen eskubideen alde Donostian egindako manifestazio bat. EFE

AGENCIAS | REDACCIÓN

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

ELA, LAB, UGT, Steilas, ESK, Etxalde, Hiru eta EHNE sindikatuek adierazpen bat sinatu dute ETAko presoak hurbiltzea, horien gradu bilakaera bermatzea eta gaixotasun larriak dituztenak askatzea eskatzeko.

Gainera, bat egin dute larunbatean Donostiako Miramar Jauregian “bizikidetzaren alde” egitekoa den ekitaldiarekin eta Orain Presoak ekimenak deitutako manifestazioarekin.

CCOO “ados” agertu da adierazpenaren edukiarekin, baina errefusatu egin du “fikziozko batasun sindikal irudia” ematea, “langileentzat garrantzitsuagoak” diren beste hainbat gaitan batasun hori ez delako ematen. “Lan istripuen aurkako erantzunak eta negoziazio kolektiboa” jarri ditu gai horien adibide gisa.

Testua adostu duten zazpi sindikatuetako seik agerraldia egin dute Bilbon (EHNEk ezin izan du parte hartu), aurkezpen publikoa egiteko.

Zentralek gogorarazi dutenez, lehenago ere agertu izan dira, “ETAren behin betiko desegitea” babesteko eta “gaixorik dauden presoen eta hurbilketaren arazoen harira”.

ELA, LAB, UGT, Steilas, ESK, EHNE, Hiru eta EHNE sindikatuek nabarmendu dutenez, “presoen arazoa konpontzea beharrezko ekarpena litzateke bizikidetzarako eta berradiskidetzerako”.

Adostutako agiriaren arabera, “lehen pauso argi batzuk” eman behar dira, gaixotasun larriak dituzten presoak aske gera daitezen.

Testuak dei egiten die Espainiako eta Frantziako gobernuei, presoak EAEko eta Nafarroako espetxeetara hurbiltzeko, “senideekin duten harremana errazteko”.

Era berean, presoen gradu bilakaera presoen “egoera pertsonala kontuan hartuta” egitea eskatu dute, “legeak ezarri bezala”.

DONOSTIAKO EKITALDIA

Bestalde, aipatutako zortzi sindikatuek iragarri dute parte hartuko dutela larunbatean (hilak 20) Donostiako Miramar Jauregian egitekoa den ekitaldian eta Orain Presoak ekimenak deitutako manifestazioan.

Horren haritik, dei egin diete gizarteari eta langileei laguntza eman dezaten “gai honen konponbideak aurrera egin dezan”.

Teresa Toda Foro Sozial Iraunkorreko bozeramaileak balioetsi egin du sindikatuek emandako “pauso kualitatibo garrantzitsua”, konpromisoa agertu dutelako “bizikidetza demokratikoarekin”.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika ELA albisteak Langile Abertzaleen Batzordeak Presoak ETA Eguneko albisteak Albisteak Sindikatuak UGT azken ordukoa Steilas azken ordukoa ESK