Politika -

Katalunia

'Elkarrizketaren nondik norakoak' zehazteko bilera bat proposatu dio Torrak Sanchezi

Gainera, JxCatek eta ERCk proposamen bat adostu dute, eperik eta ultimatumik eman gabe, Gobernu zentralari “aldebiko” elkarrizketa eskatzeko, “baldintzarik eta uko egiterik gabe”.

Quim Torra Generalitateko presidentea Kataluniako Parlamentuan. Argazkia: EFE
Quim Torra Generalitateko presidentea Kataluniako Parlamentuan. Argazkia: EFE
Quim Torra Generalitateko presidentea Kataluniako Parlamentuan. Argazkia: EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

“Datozen asteetan”, Generalitateko jauregian bilera bat egiteko proposamena luzatu dio gaur Quim Torra Kataluniako presidenteak Pedro Sanchez Espainiako gobernuburuari gutun batean. “Elkarrizketaren nondik norakoak” zehaztu eta “autodeterminazioaz” eztabaidatu behar dutela uste du Torrak.

“Benetan gatazka politikoa konpontzeko funtzioa izan dezan, elkarrizketaren baldintzak” zehaztea “ezinbestekoa” dela azpimarratu du Torrak gutunean. Gainera, “autodeterminazioaren” inguruko proposamenari erantzun “ausart” bat ematea eskatu dio Sanchezi.

Sanchezi gutuna bidali behar ziola asteartean iragarri zuen Torrak, Politika Orokorreko Eztabaidan, Parlamentean. Hilabete baino lehen autodeterminazio erreferendum bat adosteko eskakizunari erantzun bat ematea eskatu zion Generalitateko presidenteak Exekutibo zentralari hitzaldian.

Gutunean, ostera, ez da eskaerarik eta epe zehatzik aipatzen. “Datozen asteetan”, Generalitateko jauregian biltzeko gonbit egin dio soilik Torrak Sanchezi. Hitzordua zehazteko, Kataluniako Exekutiboa Espainiako gobernuburuarekin “laster” harremanetan jarriko dela jakinarazi du Torrak.

"Erantzun ausart eta gaurdaino emandakoaren ezberdina merezi du Kataluniako herriak"

Hiru paragrafoko gutun laburrean, biek “guztiaz sakon hitz egiteko” aukera izan behar dutela esan dio Torrak Sanchezi: “Kataluniarentzako bere proiektuaz, baina baita autodeterminazio eskubideaz ere”, gaineratu du.

Gatazka modu “demokratiko eta iraunkorrean” konpontzeko irtenbidea izan daitekeela uste du Torrak. “Erantzun ausart eta gaurdaino emandakoaren ezberdina merezi du Kataluniako herriak”, esan dio Sanchezi.

Bestalde, JxCatek eta ERCk proposamen bat adostu dute, eperik eta ultimatumik eman gabe, Gobernu zentralari “aldebiko” elkarrizketa eskatzeko, “baldintzarik eta uko egiterik gabe”, “autodeterminazio eskubidean oinarrituta” irtenbide bat aurkitzeko.

JxCatek eta ERCk proposamen bateratua aurkeztu dute, ostegunean bozkatzeko, Kataluniako Parlamentuaren Politiko Orokorreko Eztabaidaren azken egunean.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Katalunia Politika Kataluniako erreferenduma Espainiako Gobernua Pedro Sánchez Eguneko albisteak Albisteak Pere Aragonès Kataluniako prozesua zuzenean