Politika -

Politika orokorreko bilkura

EH Bilduk eskua luzatu dio Urkulluri, 'herri akordioak' egiteko

Horrez gain, Maddalen Iriartek esan du PSE-EE Eusko Jaurlaritzan egotea "zama" bat dela eta gogoratu du Iñigo Urkulluren Gobernuan gutxiengoan dagoela.

Maddalen Iriarte Legebiltzarrean egin duen agerraldian. Argazkia: EiTB
Maddalen Iriarte Legebiltzarrean egin duen agerraldian. Argazkia: EiTB
EH Bilduk eskua luzatu dio Urkulluri, 'herri akordioak' egiteko

4:58

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Maddalen Iriarte EH Bilduren bozeramaileak eskua luzatu dio Iñigo Urkullu lehendakariari, "herri akordioak" egiteko eta egun PSE-EErekin osatzen duen koalizio-gobernua bertan behera uzteko, Alderdi Sozialista Eusko Jaurlaritzan egotea Euskal Autonomia Erkidegoarentzat "zama" bat dela iritzita.

"Iraganeko gobernu-akordio batetik ateratzeko aukera eskaintzen dizugu, abagunez betetako bide berri bati ekiteko, agortutako herri-proiektu eta markoa atzean utzita", adierazi du Politika Orokorreko Bilkuran.

Ildo berean, Iriartek azpimarratu du Eusko Jaurlaritza "gutxiengoan" dagoela eta, une honetan, "herritarren benetako arazoak konpontzeko anbiziorik eta determinaziorik" ez duela.

Hala ere, "herri akordioak egiteko bada", EH Bildu hor izango dela jakinarazi dio. "Herriaren interesak guztiaren gainetik jartzeko prest gaude. Une erabakigarriak bizitzen ari gara, eta, beraz, egoerak eskatzen duen maila emateko eta lidergoa izateko momentua da", erantsi du.

Gauzak horrela, PSE-EErekin duen koalizio-gobernutik ateratzeko eskua luzatu dio Urkulluri, "iraganeko ituna delako, agortutako herri-proiektu eta markoa defendatzen dutelako eta gure herriarentzat zama bat delako".

"Guk eskua luzatu dugu. Hemen eta orain prest gaude etorkizunari irmotasunez, seriotasunez eta arduraz begiratzeko oinarriak jartzeko; gauzak hobeto egiteko; herritarrei zerbitzu hobeak eskaintzeko; gizarteak etorkizun hobea izan dezan gure ekarpena egiteko", nabarmendu du.

Horrenbestez, "herri ikuspegia" izan dezala eta "herritarrek eskatzen duten maila" eman dezala galdegin dio Iriartek lehendakariari.

Estatutu berria

Ildo horretan Euskal Autonomia Erkidegorako Estatutu berria egiteko EH Bilduk eta EAJk Autogobernu Lantaldean lortu zuten akordioa jarri du adibidetzat. Itun hori "ona" dela adierazi du Iriartek, "gizartearen gehiengoaren borondatearekin bat egiten duelako". "Hobeto bizitzeko erabaki nahi dugu hemen", gaineratu du.

EH Bilduk eta EAJk Estatutu berriaren oinarriak adostu izanak, "Legebiltzarrean urratsak eman daitezkeela erakusten du, horretarako borondatea baldin badago".

EH Bildurentzat ezinbestekoa da Estatuarekiko harreman-eredua aldatzea, eta koalizio soberanista elkarrizketaren eta akordioaren alde dagoela berretsi du Iriartek, "baina hori ez da nahastu behar menpekotasunarekin, sumisioarekin, eta are gutxiago aldeetako bat bestearen mandatari izatearekin".

Estatutu berriaren oinarriak idazteko akordioaren "ibilbide instituzionala bermatu" behar dela esaten duenean, zertaz ari den argitu dezala exijitu dio Iriartek lehendakariari. "Autogobernu Lantaldearen baitan egindako akordio batek zergatik ez du ibilbide instituzionalik izango? Borondate politiko faltak soilik galarazi dezake itun horrek ibilbide instituzionala ez izatea", nabarmendu du.

"Eskubide zibil eta politikoak, eskubide nazionalak eta eskubide sozialak berez daude elkarri lotuta, ezin daitezke banatu. Inposizioaz hitzegiten duten horiei esan nahi diet, askatasuna eskatzen duenak ez duela inposatzen, askatasuna ukatzen duenak inposatzen duela; herritarren borondatea errespetatzen duenak ez duela inposatzen, herritarrei hitz ematen ez dietenak inposatzen dutela", azpimarratu du.

Kritikak Eusko Jaurlaritzaren jarduerari

Bestalde, EH Bilduk uste du Eusko Jaurlaritzari lidergoa falta zaiola, eta Iriartek Urkulluri esan dio ez dela nahikoa "gauzak kudeatzea", "lidergoa izan behar da".

Horrela bada, lehendakariak bilkuran aipatu dituen inbertsio sozial gehientsuenak "inertziaz eta helburu argirik gabe" egin direla kritikatu du.

"Etorkizunari beldurra dion gizarte batean ezin gara bizi. Herri honetako emakume eta gizonek eskubidea dute bizitza proiektu propioa izateko eta ongizate gehiago izateko. Ezin gara Urkulluk deskribatutako konformismoaren etsipenean kokatu", erantsi du.

"Politika publikoek aukera berdintasuna bermatu behar dute, gaztea edo emakumea izateagatik edo jatorriagatik inor diskriminatua izatea saihestuta. Baina baita faboritismo, ustelkeria eta entxufe kasuak ekiteko ere", ohartarazi du.

Eta, ildo horretan, Administrazio Publikoko goi karguak nahasita dauden ustelkeria kasuak aipatu ditu, tartean 'De Miguel', 'Hiriko' eta Karrantzako minda lantegiaren auziak. "Jarrera horiek ez dira eredugarriak, ezta etikoak ere".

Osakidetzako lan eskaintza publikoan izandako irregulartasunak ere izan ditu hizpide Iriartek. Auzi horretan Eusko Jaurlaritzak egin duen kudeaketa "negargarria" izan dela esan du eta gertatutakoak "ondorio politikoak" izango dituela agindu du. "Ardura politikoa aitortu beharko duzue. Zuen kabuz egiten ez baduzue, guk behartuko zaituztegu horretara", azpimarratu du.

"Gardentasuna eta gure erakunde publikoen zilegitasuna bermatzeko, ezinbestekoa da eraberritze demokratiko bat ematea. Ez dugu onartuko entxufeak ahalbidetzen dituen gizartea batean bizitzea, eta are gutxiago duela hamabost egun Hondarribian ikusi genuen bezala, emakumeak umiliatzen dituen gizartea batean bizitzea", adierazi du.

Amaitzeko, emakumeen, pentsiodunen eta langileriaren aldarrikapenak ere izan ditu hizpide Iriartek, eta Eusko Jaurlaritza "kaletik eta errealitatek urrun" dagoela salatu du. "Urkulluren Gobernuak ez du gizartearekin bat egiten", gaineratu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Eusko Legebiltzarra EH Bildu Albisteak Maddalen Iriarte