Politika -

Espainiako Gobernua

Monton ministroak dimisioa eman du URJCko masterragatik

Pedro Sanchez Espainiako gobernuburuak ministroari babesa adierazi dio ordu batzuk lehenago. “Lan aparta egiten ari da, eta lanean jarraituko du”, esan du Senatuan.

Carmen Monton Osasun ministroa. Argazkia: EFE
Carmen Monton Osasun ministroa. Argazkia: EFE
Carmen Monton Osasun ministroak dimisioa eman du

5:25

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Carmen Monton Osasun ministroak dimisioa eman du URJC unibertsitateko masterragatik. “Garden eta zintzo” jokatu duela esan du ministroak. Masterrean irregulartasunik egin ez zuela errepikatu du, eta dimisioa Pedro Sanchezen Gobernuari kalterik ez egiteko aurkeztu duela erantsi du.

Montonek agerraldia egin du 21:15 aldera Ministerioaren egoitzan. Agerraldi labur batean, bere zintzotasuna aldarrikatu du Montonek: “Ez dut irregulartasunik egin, defendatu dut, eta kontzientzia oso lasaiarekin eta uste osoz defendatzen jarraituko dut”.

“Harro nago eta Pedro Sanchez presidenteari esker ona adierazi nahi diot, Gobernua osatzeko ni deitu izanagatik”, esan du Montonek. Espainiako Gobernuko presidentearen “giza kalitatea, babesa eta maitasuna une oro” sentitu izan dituela goraipatu du.

“Espainiarrek Gobernuko presidente bikaina dute, eta egoera honek kalterik ez egiteko dimisioa eman dut”, gaineratu du.

"Ez dut irregulartasunik egin, defendatu dut eta defendatzen jarraituko dut"

Pedro Sanchez Espainiako gobernuburuak ministroari babesa adierazi dio ordu batzuk lehenago, masterreko ustezko irregulartasunen harira.

“Lan aparta egiten ari da, eta lanean jarraituko du”, esan du Espainiako presidenteak Senatuko korridoreetan.

Montonek aurkeztutako master bukaerako lanak beste egile batzuen testu berdin berdinak ditu 19 orrialdetan, La Sexta telebistak jakitera eman duenez. Guztira, lanak 52 orrialde ditu.

Informazioaren arabera, testuek erreferentzia okerrak dituzte, eta orri-oinean zein bibliografian aipatutako dokumentuak ez dira agertzen.

Montonek dimisioa eman behar zuela uste du Pablo Iglesias Podemoseko idazkari nagusiak. “Gobernu honek ezin du PPren tankerarik izan”, defendatu du koalizio moreko buruzagiak Twitter sare sozialean.

“Sentitzen dut ministro on bat izan zatekeelako, baina unibertsitate publikoaren duintasunak ezin du beste iruzur master bat jasan, are gutxiago tesi kopiatu bat. Berehala dimisioa eman behar du”, nabarmendu du.

Maria Luisa Carcedo, Haur Pobreziaren aurkako Borroka goi-komisarioa orain arte, Osasun ministro berria izango da.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Espainiako Gobernua Espainia Eguneko albisteak Albisteak