Politika -

POLEMIKA

Carmen Monton Osasun ministroak egindako master bat ikertzen ari dira

Juan Carlos Erregea Unibertsitateak zabaldu du ikerketa, ustezko irregulartasunak atzemanda. Cristina Cifuentesen polemikaren ondotik hasitako ikerketa dela esan du Unibertsitateak.

Carmen Monton, Osasun ministroa, artxiboko irudi batean.
Carmen Monton, Osasun ministroa, artxiboko irudi batean.
Carmen Monton, Osasun ministroa, artxiboko irudi batean.

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Masterren inguruko polemikak PSOE zipriztindu du oraingoan. Carmen Monton Osasun ministroak egindako master bat ikerketapean jarri du Juan Carlos Erregea Unibertsitateak, ustezko irregulartasunak atzeman ondoren. Unibertsitate horretako Zuzenbide Publikoko Institutuan lortu zuen masterra Montonek, Cristina Cifuentes Madrilgo presidente ohiak kargua uztera eraman zuen master polemikoa egin zuen leku berean.

eldiario.es agerkari digitalak zabaldu du berria, gaur. Horren arabera, Montonek, Espainiako Kongresuan PSOEren Berdintasun diputatua zela, 2010-2011 urte politikoan, generoarekin lotutako masterra eskuratu zuen, 8,43ko notarekin, eskolen erdietara joan gabe eta irakasleekin ia harremanik izan gabe.

Gainera, epez kanpo ordaindu omen zuen masterra egiteko matrikula, eta ikasgaien erdiak amaituta zeudela hasi omen zen titulazioa lortzen.

Cifuentes auzian inputatuta dagoen Laura Nuño irakaslea zen masterreko zuzendaria.

Unibertsitate horretatik bertatik jakitera eman dutenez, Cifuentesen eta Pablo Casado PPko buruaren inguruan abian jarritako ikerketen ondoren, ekainean, Zuzenbide Publikoko Institutuaren jarduna sakonago aztertzea erabaki zuten, eta hortik etorri da Montonen masterra susmopean jartzea.

Agerraldia

Informazioa zabaldu eta berehala, Osasun ministroak agerraldia iragarri du gaur goizerako, azalpenak emateko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika PSOE Espainiako Gobernua Eguneko albisteak Albisteak