Politika -
Kataluniako krisia
Mossoak ikertzen ari dira, lazo horiak kendu zituzten pertsonak identifikatzeagatik
Hamabost eguneko epean identifikazio horiek egin zituzten agenteen txostena eskatu dio Kataluniako Fiskaltzak Esquadrako Mossoen buruari. Torrak kritikatu egin du Fiskaltzaren ikerketa.
Agentziak | Erredakzioa
Kataluniako Fiskaltza Nagusiak ikerketa abiatu du Esquadrako Mossoek eta Udaltzaingoak Tarragonako hainbat herritan lazo horiak kendu zituzten pertsonak identifikatzeagatik.
Fiskaltzak aurkeztutako idatziaren arabera, Esquadrako Mossoen buruak identifikazio horiek egin zituzten agenteen txostena aurkeztu beharko du hamabost eguneko epean, identifikazioak zergatik eta nola egin zituzten zehazteko.
Horrez gain, "alderdien aldeko edo aldarrikapen kutsua duen sinbologia kaleetatik kentzen duten partikularren aurreran jarduteko jarraitzen dituzten irizpideak azaltzea ere eskatu diote Esquadrako Mossoen buruzagiari".
Azkenik, bai Kataluniako poliziak bai Udaltzaingoak aurrerantzean egiten antzeko jarduera guztien inguruko "aldizkako txostena" eskatu diote.
Identifikazioak Tarragonako hainbat herritan
Tarragonako hainbat herritan egin zituzten identifikazioak abuztuan: Mora la Nova, Tivissa, Vandellós eta l'Atmella de Mar.
Fiskaltzak azaldutakoaren arabera, José Domingo Impulso Ciudadano elkarteko presidenteak idatzi bat aurkeztu zuen joan den abuztuaren 22an. Kataluniako Gobernuko Barne sailak abuztuaren 18an "14 pertsona” identifikatu zituztela azalduz zabaldutako ohar bat aipatu zuen testuan, Mora la Nova, Tivissa eta Valdellós herrietan, "jabetza publikoa kaltetzeagatik".
Bestalde, "herritarren segurtasunerako 4/2015 legea ustez larri urratzeagatik ekintzak hasiko zituela jakinarazi zuen idatzi horretan, 601 eta 30.000 euroko isunak" izan zitezkeela azalduz.
Torraren kritikak
Quim Torra Kataluniako Generalitateko presidenteak uste du "okerra" dela Fiskaltzaren jokabidea, Mossoak ikertzea alegia, eta poliziak gatazka politikoan "sartzea" leporatu dio. "Euren lana egiten ari ziren, munduko edozein poliziak egingo lukeen moduan gauez, arma zuriekin, jokatzen duen talde baten aurrean".
Puigdemont are gogorragoa izan da, eta alderdi politiko batzuk "indarkeriaren erabileratik gertu" daudela salatu du, "konfrontazio sozial" irudia eman nahi dutela horrekin.