Politika -

Ustezko irregulartasunak

Casadoren masterraren auzia, Auzitegi Gorenera

Epaileak uste du PPko presidenteari 'opari akademikoa' egin ziotela zuen 'garrantzi politikoagatik'. Casadok erantzun du 'oso lasai' dagoela eta ez duela dimitituko.

Pablo Casado. Argazkia: EFE
Pablo Casado soslaiaren itzala. Foto: EFE
Casadoren masterraren auzia Auzitegi Gorenera bidali du epaileak

1:18

Agentzia | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Madrilgo 51. zenbakiko Instrukzio epaileak Pablo Casadoren masterraren auzia Auzitegi Gorenean epaitzea eskatu du gaur, zigor erantzukizun zantzuak atzeman baititu. Autoan ageri denez, badaude "zantzuak" pentsatzeko Casadori "opari akademiko" bat eman ziotela zuen "garrantzi politiko eta instituzionalagatik".

Cifuentesen 'master auziko C' atala Auzitegi Goreneko Bigarren Salan epaitzeko ziodun ebazpena igorri du Carmen Rodriguez-Medel epaileak.

PPko presidentea diputatua da Kongresuan, eta beraz, foruduna. Hala, Gorenak baino ezin du epaitu.

Epaileak autoan argudiatu duenez, instrukzio fasea bukatuta dago. Hori horrela, Gorenaren esku utzi du auzia, "forudunaren eskubideak bermatuta egon daitezen". Erabaki horren kontra helegitea aurkez daiteke.

Gorenari igorritako azalpenean, epaileak dio "zantzuak" badaudela esateko Alvarez Conde Unibertsitateko Zuzenbide Publikoaren Institutuko zuzendariak eta ikerketapean dauden irakasleek eginahalak egin zituztela "ikasle talde zehatz eta aukeratu batek masterra ikasketak egin gabe lortzeko, opari gisa".

Hori horrela, Casado ikertu gisa deklaratzera deitzeko eta dokumentazio guztia galdegiteko eskatu dio Rodriguez-Mendel epaileak Gorenari. Eskatutako dokumentazioaren artean daude lau ikasgaiak aprobatzeko aurkeztu omen zituen lanak, eta hala egin zituela egiaztatzen duten agiriak (mezu elektronikoak edota hartu izanaren agiriak).

Lanak egiteko erabili omen zuen ordenagailu eramangarria ere eskatu du epaileak. Polizia Judizialak dokumentu horien data eta 2018ko martxoaren 20tik aurrerako balizko moldaketak frogatu ahalko ditu, horren ustez.

Casado: 'Oso lasai nago'

Eguerdirako deitutako agerraldi batean, "oso lasai" dagoela azpimarratu du PPko presidenteak: "Dena ondo egin nuen. Inork ez zidan oparirik eman".

Auzia Gorenaren esku geratuta dimititzeko asmoa ote duen galdetuta, ezetz borobila ihardetsi du. Horren hitzetan, PPren arauak "oso zehatzak" dira, eta kasu honetan ez dago horretarako arrazoirik.

 

"Ez dut dimisioa ematea pentsatu ere egin"

 

"Justiziak eskatzen didan guztian lagunduko dut, orain arte bezala. Baina berriro diot, ez nago ikerketapean".

Baliozkotzeekin eta azterketarik gabe

Egunkari batek jakinarazi zuen auzia. Hedabideak zabaldu zuenez, Madrilgo Juan Carlos erregearen Unibertsitatean Zuzenbide Autonomikoko masterra lortu zuen Casadok lau ikasgai bakarrik eginda eta eskoletara joan eta azterketak egin barik. Azaldu zuenez, 22 ikasgaietatik 18 baliozkotu zizkioten, eta gainerako lau ikasgaiak 90 orrialdeko launa lan eginda aprobatu zituen, oso kalifikazio onarekin.

Albistea jakin eta berehala prentsaurrekoa eskaini zuen Casadok, eta lanok erakutsi zituen (hori bai, kazetariek ezin izan zituzten gertutik begiratu). PPko buruzagiaren esanetan, Enrique Alvarez Conde Zuzenbide Publikoko Institutuko zuzendari ohi eta auzipetu nagusiak eman zion eskoletara ez joateko baimena.

PABLO CASADO EFE

Casado, aurkeztu omen zuen lanetako batekin. Argazkia: EFE

Cristina Cifuentesen masterra ikertzen ari zela, irregulartasunak atzeman zituen epaileak Casadoren masterrean ere, eta lehen auzi horretan beste atal bat zabaldu zuen.

Hiru ikertu atal horretan

'C' atal horretan, masterra Casadoren garai berean egin eta emaitza antzekoekin egin zituzten hiru pertsona ikerketapean ditu Rodriguez-Mendel epaileak, funtzionario eroskeria eta prebarikazioa leporatuta.

Egindako instrukzioan baliozkotzeen egiaztagiriak eta lanen kopiak eskatu ditu epaileak. Unibertsitateak zein Alvarez Conde Institutuko zuzendariak ez dute bakar bat ere topatu.

Casadorekin batera masterra egin zuen Maria Dolores Cancio irakasleak epailearen aurrean aitortu zuenez, "masterra oparitu" egin zioten berari, ez baitzen eskolara joan eta ez baitzuen inolako lanik egin. Antza, Alvarez Conde berak esan omen zion ez zela "ezertaz arduratu behar".

Dolores Cancioren hitzetan, Alvarez Condek azaldu zion nola egin behar zituen baliozkotzeak.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika PP Auzitegi Gorena Ustezko ustelkeria politikoa Eguneko albisteak Albisteak Madril Pablo Casado Blanco