Politika -
PROTESTAK
'Sakabanaketa politika berehala amaitzeko' eskatu du Etxeratek euskal hondartzetan
Espainiako Gobernuak presoak hurbiltzearen alde azken asteotan erakutsitako jarrerari buruz, Etxeratek esan du 'mugimenduak gertatu ezean, burua hotz' mantenduko dutela.
EITB.EUS
Etxerat elkarteak protesta bilkurak egin ditu, urtero bezala, Euskal Herri osoko hondartzetan, presoen sakabanaketa politikaren kontra.
Naike Diez Etxerateko bozeramaileak esan duenez, "anomalia honek ia 30 urte bete ditu", eta presoen eta senideen "sufrimendua" amaitzea "beharrezkoa" da. "Asteburu honetan ere ehunka senide daude errepideetan. Balizko biktimak gara. Guk ezin dugu iraganean hitz egin, eta sufrimendu hau berehala etetea beharrezkoa", esan du.
Espainiako Gobernuak presoak hurbiltzearen inguruan azken asteotan erakutsitako jarrerari buruz, Diezek esan du "mugimenduak gertatu ezean, burua hotz" mantenduko dutela, alderdi politikoak eta erakundeak lanean ari direla onartu arren. "Deklarazioak eta titularrak izan dira bakarrik, orain arte. Ezin dugu oraindik balorazio positiborik egin", gehitu du.
'Premiazko agenda'
Etxeraten iritzian, "konponbiderako premiazko agendaren" inguruan adostasun sendo eta zabala dago euskal gizartean. "Agenda horren arabera, euskal presoak Euskal Herriko espetxeetara hurbiltzea eta gaixo diren presoen askatasuna exigitzen da, eta horrekin batera, Espainiar Estatuko espetxeetan lehen gradutik bigarrenera igarotzea, Frantziako kartzeletan betetako zigor-metaketa baliatzea, eta kartzela eskumenen transferentzia eskatzen da baita ere", azpimarratu dute.
Horretarako, "mobilizazioa" eta "euskal gizarteak aurrea hartzea" inoiz baino garrantzitsuagoak direla uste du presoen aldeko elkarteak, "gizartearen gehiengo batek nahi duena behingoz errealitatea bihurtzeko".
31 urte espetxean igaro ondoren gaur aske geratu den Santiago Arrospide Sarasolari buruz galdetuta, Etxerateko eledunak esan du ETAren biktimen mina "ulertzen" dutela.
Muskiz, Laida, Laga, Laidatxu, Lekeitio, Ondarroa, Bakio, Ea, Deba, Zarautz, Orio, Donostia, Mutriku eta Hendaian izan dira presoen eskubideen aldeko mobilizazioak.