Politika -
Bilera Moncloan
PPk presoak gerturatzearen aurka egingo duela esan dio Casadok Sanchezi
Estatu gaietan oposizio “arduratsua eta leiala” eskatu dio Espainiako Gobernuko presidenteak PPko buruzagiari.
agentziak | erredakzioa
Alderdi Popularrak presoak Euskal Herrira gerturatzearen aurka egingo duela esan dio Pablo Casado PPko presidenteak Pedro Sanchez Espainiako Gobernuaren presidenteari. Moncloa jauregian bildu dira. Diputatuen Kongresuan Memoria, Duintasun eta Justizia Lege bat proposatuko duela erantsi du Casadok.
Bilerak ia hiru orduko iraupena izan du. Ondoren Casadok agerraldia egin du komunikabideen aurrean. PPk ETAko preso ohien omenaldiak eragozteko lege-proposamena prest duela aurreratu du Casadok prentsaurrekoan. Zentzu horretan, Santi Potros-i egin nahi dioten omenaldia gogorarazi du PPko buruzagiak. Presoa igandean aske geratuko da.
Espainiaren batasuna, erakundeak eta Konstituzioa defendatzeko “leialtasuna” eskaini dio PPko buruzagiak Espainiako Gobernuaren presidenteari. PPk oposizio “sendo eta arduratsua”, baina “leiala” egingo duela agindu dio Casadok.
Bestalde, Estatu gaietan oposizio “arduratsua eta leiala” eskatu dio Sanchezek PPko buruzagiari. Bilera ondoren, leialtasuna behar duten gai batzuk zerrendatu ditu Espainiako Gobernuaren presidenteak Twitter sare sozialean: emigrazioa, Europako politika, emakumeen aurkako indarkeria eta azpiegiturak. “Guztien helburua aurrera egitea izan behar du, Espainiarengatik”, azpimarratu du Sanchezek.