Politika -
Katalunia
Rull eta Turull aske uztea aho batez errefusatu du Auzitegi Konstituzionalak
Pablo Llarena instrukzio-epailearen eta Goreneko Apelazio Aretoaren ebazpenak atzera botatzea arbuiatu du Konstituzionalak, horrek “aldez aurretik babesa ematea” suposatu dezakeelako.
Agentziak | Erredakzioa
Jordi Turull eta Josep Rull kontseilarien badaezpadako eta fidantzarik gabeko espetxea bertan behera uztea aho batez errefusatu du Auzitegi Konstituzionalak. Bi politikariak preso daude iragan martxotik.
Pablo Llarena instrukzio-epailearen eta Goreneko Apelazio Aretoaren ebazpenak atzera botatzea arbuiatu du Konstituzionalak auto batean, horrek “aldez aurretik babesa ematea” suposatu dezakeelako.
Badaezpadako espetxearen kautelazko neurriak parte-hartze politikorako, askatasunerako eta kargu publikoan aritzeko eskubidea urratzen zuela argudiatu zuten kontseilariek Auzitegi Konstituzionalaren aurrean. Gainera, Llarena epailearen inpartzialtasuna zalantzan jarri zuten bi politikariek.
Kataluniako politikarien hitzetan, Turull espetxera bidalita, martxoaren 24ko inbestidura saioan Generalitateko presidente izendatzea saihestu nahi izan zuten; Llarenak Turull, Rull, Carme Forcadell eta beste bi kontseilari kartzelara bidaltzea egun bat lehenago erabaki baitzuen.
Pieza banandu bat sortu eta Ministerio Fiskalari zein babes eskatzaileei alegazioak eskatzea erabaki zuen Konstituzionalak.
Orain auto batean Konstituzionalaren doktrina azaldu du Encarnacion Roca Auzitegiko presidenteordeak. Nahiz eta espetxearen kautelazko neurriak kalte konponezinak sortu, erabakia bertan behera uzteak “aldez aurretik babesa ematea” suposatuko lukeela nabarmendu du Rocak.
Hori kautelazko prozedura honetan ebazterik ez dagoela zehaztu du, auzitegiak kexaren muinaz erabakitzen duenean baizik, Konstituzionalak erantsi duenez.