Politika -
Sakabanaketa
Presoak gerturatzea aldarrikatzeko txirrindulari martxa Zaballan bukatu da
“Zaballako espetxea presoak lekualdatzeko orduan erreferentzia kartzela izatea nahi dugu”, azaldu du Joseba Azkarraga Sareko bozeramaileak.
Agentziak | Erredakzioa
Presoak Euskal Herrira hurbiltzea eskatzeko Sare herritarrak antolatutako txirrindulari martxa Zaballako (Araba) espetxean bukatu da gaur, iragan ostiralean Mont d’Marsango (Frantzia) kartzelatik abiatu ondoren. Frantziako Gobernuak zenbait preso bertara hurbildu ditu dagoeneko. Espainiako sakabanaketa politikak zigortutako presoak Arabako kartzelara hurbiltzea nahi dute antolatzaileek, hau da, Zaballa “erreferentziazko espetxea” bihurtzea.
Martxak “arrakasta” izan duela goraipatu du Joseba Azkarraga Sareko bozeramaileak. “Etapa batzuetan 200 pertsonak parte hartu dute”, azpimarratu duenez.
30 herritik pasa direla gogorarazi du. Eusko Jaurlaritzako sailburu ohiaren hitzetan, “gobernuen eta alderdien jarrera aldatzeko, osagairik aktiboena gizartea izan behar dela konbentzitzen saiatu dira”.
“Elkarbizitza eta bakea lortzeko aurrerapausoak eman behar dira, eta presoen eskubideen urraketarekin amaitu; gizartea sentsibilizatu nahi dugu”, errepikatu du.
Bozeramailearen ahotan, martxa Mont d’Marsanetik abiatu zen, “Frantziako Gobernuaren espetxe politika aldaketaren adibide argia delako; preso batzuen helmuga izan baita”. “Zaballa ere presoak lekualdatzeko orduan erreferentzia kartzela izatea nahi dugu”, azaldu du.
Etorkizunean, “aurrera egiten eta gizartea sentsibilizatzen jarraitu” nahi dutela gaineratu du Azkarragak. Orain Presoak dinamikaren barnean manifestazioa deitu dute urriaren 20rako Bilbon, presoen egoerari irtenbide bat ematea lortzeko.