Politika -
PP-ren Kongresu Nazionala
Pablo Casado, PPko presidente berria
Larunbat honetan egindako bozketan botoen % 57 eskuratuta, Soraya Saenz de Santamariari gailendu zaio, eta, hortaz, Mariano Rajoyren ondorengoa izango da, alderdiaren Presidentetzan.
Agentziak | Erredakzioa
Pablo Casado da PPko presidente berria, alderdiak larunbat honetan burutu duen Kongresu Nazionaleko bozketan Soraya Saenz de Santamariari gailendu ostean. Hortaz, Casado Mariano Rajoyren ondorengoa izango da, alderdiaren Presidentetzan.
Batzorde Nazionalerako bozketan, PPren lider berriak 1.701 boto eskuratu ditu; Saenz de Santamariak, aldiz, 1.250 lortu ditu. Hortaz, konpromisarioek emandako botoen % 57 bereganatu ditu irabazleak; 2.973 konpromisariok hartu dute parte bozketan (3.082k zuten botoa emateko eskubidea).
Zuzendaritza Batza Nazionaleko kideen gaineko bozketari dagokionez, hor ere irabazi du Casadoren zerrendak; izan ere, 1.689 boto lortu ditu haren hautagaitzak, eta Saenz de Santamariarenak, aldiz, 1.251.
"Ez dizuet hutsik egingo"
Emaitza ofizial egin eta berehala, Pablo Casadok lehen hitzaldia eman du, PPko lider berria bezala, eta hau hitzeman du: "Ez dizuet hutsik egingo". Nabarmendu duenez, aukera dago gauzatzeko Rajoyk eskatutako integrazioa, "eta egongo da, nire aldetik behintzat", esan du, Soraya Saenz de Santamariaren hautagaitza galtzaileari zuzendutako mezu batean.
Haren iritziz, PP "indartsuago eta bateratuago" irtengo da prozesu honetatik; izan ere, esan duenez, "denek eman diote botoa PPri", eta "guztiek irabazi dute".
Horregatik, jasotako babesagatik eskerrak emanda, eskatu du ez galdetzea inori zein hautagairi eman dion botoa; gainera, esker oneko hitzak izan ditu, bai Mariano Rajoyrentzat bai eta Soraya Saenz de Santamariarentzat ere, eta goraipatu du azken horrek egindako "kanpaina garbia".
Integrazioa eta Espainiarekin kontratua
Casadok deia egin du integrazioa lortzeko, "guztiok jomuga bera dugula aurrera egiten jarraitzeko"; eskatu ere eskatu du PPko kide guztiak bat eginda egotea egitasmo berri honetan. Halaber, Espainiarekin duen kontratuaz mintzatu da; kontratu horrek, adierazi duenez, aukera eman behar dio PPri "banderetako eta balkoietako Espainia horrekin bat egiteko, bai eta benetako birsorkuntza politikoaren alde egoteko ere", besteak beste.
Presidente berriak bermatu du alderdia "bueltan" dagoela, eta aseguratu du "indartsu eta bateratuta" egongo dela, Espainiaren alde lan egiteko; izan ere, Kongresuaren ostean, "ez gara, jada, jarduneko PP bat".
Guztiei eskatu die laguntza alderdia indartzeko: "Nire ondoan behar zaituztet, zuen babesa eskertzen dizuet, eta hitzematen dizuet berriro ere izango dugula PP indartsu bat, gure seme-alaben Espainia eraldatzen jarraituko duen alderdi bat, alegia".
Casadok azpimarratu du PPk ez duela emango denbora luzeagorik bere buruaz hitz egiteko; gerora, alderdiak izandako presidente guztiak aipatu ditu, eta Mariano Rajoyri zuzendu zaio, bereziki; esan duenez, haren laguntza beharko dute, aurrerantzean ere.
Gainera, jakitera eman du nola jakinarazi dion Espainiako erregeari bozketaren emaitza, eta leialtasuna adierazi diola azken horri. Espainiaren eta erregearen aldeko oihuak entzun dira, konpromisarioen artean.
Saenz de Santamaria: "Elkarrekin lan egin behar dugu, eta nik egingo dut"
Kongresuaren emaitzaren berri izanda, eta Casadok hitz egin ostean, Soraya Saenz de Santamariak hartu du hitza; Espainiako Gobernuaren presidenteorde ohiak nabarmendu du "integratzeko" garaia dela orain: "Elkarrekin lan egin behar dugu, eta nik egingo dut".
Saenz de Santamariak, baina, ez du argitu onartuko lukeen ala ez Casadoren taldean idazkari nagusiko kargua: "Nik ez dut onartuko ezer proposamenik izan gabe", azpimarratu du. Esan ere esan du orain denek hartu behar dutela atsedena, eta Casadok denbora behar duela: "Nire alderdiagatik aurkeztu naiz, eta nire alderdiarentzat onena denaren alde lan egiten jarraituko dut", aseguratu du.
Konpromisarioek Casadori emandako babesaren gainean, esan du arauak direla, eta berak errespetatzen dituela; haren iritziz, garrantzitsuena da PP "bateraturik dagoen alderdia izatea"da, "indartsua, eta militanteak zaintzen dituena".
Testuinguru horretan, gogora ekarri du berak jaso zituela militanteen botorik gehien, eta, esan duenez, beti eramango du hori bihotzean. Gainera, azpimarratu du harro dagoela egindako barneko kanpainaz, eta uste duela inork ez duela arrazoirik pentsatzeko iraindu dutela.
PPren presidente berriak, ildo horretan, bilera izan nahi du Soraya Saenz de Santamariarekin, alderdiaren barneko egitura berretsi behar duen Batzorde Exekutibo Nazionala deitu aurretik; bilera horren xedea da jakitea nor nahi duen Saenz de Santamariak egotea zuzendaritza berrian. Hala esan diote Europa Pressi Casadorengandik gertu dauden zenbait iturrik.