Politika -

Kataluniako auzia

Alemaniak Puigdemont estraditatuko du, diru publikoa bidegabe erabiltzea egotzita

Schleswig-Holsteineko Lurralde Auzitegiak, ordea, ez du onartu matxinada delitua. Puigdemonten hitzetan, 'Estatuaren gezurra garaitua izan da'.

Puigdemont, EFEren artxiboko argazki batean.
Carles Puigdemont. EFE
Alemaniak Puigdemont estraditatzea onartu du

1:30

Agentzia | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Schleswig-Holsteineko Lurralde Auzitegiak (Alemania) Carles Puigdemont espainaratzeko erabakia hartu du gaur, Espainiako Auzitegi Gorenaren eskeari erantzunez. Hori bai, azken horrek presidenteari leporatutako bi delituetatik bakarra onartu du Alemaniako Justiziak: diru publikoa bidegabe erabiltzea. Bestea, matxinada delituarena, baztertu egin du Auzitegiak.

Lurralde horretako Fiskaltzak erabaki beharko du orain espainaratzea noiz eta nola gauzatu. Ohar batean nabarmendu duenez, "aurki" jakinaraziko du. Estraditatu bitartean, aske utzi du Auzitegiak buruzagi independentista. Epaileek argudiatu dutenez, Puigdemontek "beti" bete ditu bere baldintzapeneko askatasunaren baldintzak.

Horrenbestez, Schleswig-Holsteineko Fiskaltzak egindako eskaera aintzat hartu du Auzitegiak, baina zati batean bakarrik. Izan ere, Espainiako Auzitegi Gorenak emandako euroaginduari jarraiki, Puigdemont kartzelan berriro sartzea eta espainiaratzea eskatu zuen Ministerio Publikoak.

"Carles Puigdemonten kasuan, onargarria da diru publikoa bidegabe erabiltzeagatik estraditatzea, baina ez da onargarria matxinada delituarengatik", ebatzi du Auzitegiak. Azaldu duenez, Kataluniako urriaren 1eko gertakariak ez ziren izan Alemaniako zuzenbidean jasotako goi mailako traizio delitutzat jotzeko bezain bortitzak. Ordena publikoaren aurkako delitua ere ez du ikusi Auzitegiak, Puigdemontek erreferenduma egitea beste asmorik ez zuelako: "Ez zen indarkeriazko ekintzen bultzatzaile intelektuala izan".

Auzitegiaren arabera, baliteke presidenteak hartutako erabakiek diru kutxa publikoan karga suposatu izana eta horren "erantzule" izatea, baina hori Espainian egindako epaiketa batean frogatu beharko da, erantsi duenez.

Era berean, Puigdemonten abokatuek estradizioa ez onartzeko emandako argudioak baztertu ditu Auzitegiak. Defentsak adierazi zuenez, presidentea "politikoki jazarria" dago Espainian, eta ez du "epaiketa justu" bat edukitzerik izango.

 

Alemaniako Justiziak "konfiantza mugagabea" du Espainiakoan eta uste du Puigdemontek epaiketa justua edukiko duela

 

Schleswig-Holstein Lurralde Auzitegiak, ordea, esan du "konfiantza mugagabea" duela Espainiako Justiziarengan, eta Puigdemontek Europar Batasunaren "balioen" araberako epaiketa bat izango duela uste du.

Auzitegiak ez du datarik ezarri espainiaratzea gauzatzeko, eta Fiskaltzak erabaki beharko du hori.

Martxoaren 25ean Alemania iparraldean atxilotu zuten Puigdemont, Danimarkatik autoz sartzen ari zela. Espainiako Auzitegi Gorenak bi egun lehenago emana zuen politikari alemaniarra bilatzeko eta atxilotzeko euroagindua. 12 egun eman zituen espetxean, baina euroaginduari buruzko behin betiko erabakia hartu arte aske uztea erabaki zuten epaileek.

Puigdemont, pozik, defentsako abokatuek helegitea agindu duten arren

Erabakia ezagututa, helegitea aurkeztuko dutela iragarri dute buruzagi katalanaren abokatuek.

Alemaniako Justiziak dirua bidegabe erabiltzearen delitua baztertzeko, presidentaren abokatuek helegitea aurkeztuko dute. Puigdemonten hurbileko iturriek adierazi dutenez, gaurko erabakia espero zuten, eta positiboa da, nahiz eta onena ez izan.

Zentzu horretan, iturri berdinen arabera, Puigdemont lasai eta animaturik dago, nahiz eta zuhurtzia mantendu, gertakarien zain.

Bitartean, erabakia baloratzeko Twitter sare soziala erabili du Puigdemontek. “Estatuaren gezur nagusia garaitu dugu”, adierazi du txio batean; izan ere, “U-1eko erreferenduma matxinada izan zenik ukatu du” Alemaniako Justiziak. “Amaierara arte borroka egin eta irabaziko dugu”, erantsi du.

“Gure adiskideek espetxean ematen duten minutu bakoitza lotsa eta bidegabekeria minutua da”, azpimarratu du.

Generalitatea: 'Albiste bikaina da'

Bien bitartean, Katalunian, Quim Torra Generalitateko presidenteak esan du "albiste bikaina" dela Puigdemont diru publikoa bidegabe erabiltzeagatik bakarrik estraditatzea, matxinada baztertuta.

Twitter bidez eman du iritzia Torrak, eta honakoa erantsi du: "Berriro ere agerian geratu dira inoiz abiatu behar ez zen auzi horren engainu eta gezurrak. Europan irabaziko dugu".

 

 

Ildo beretik mintzatu da Elsa Artadi Kataluniako Gobernuko Presidentetza kontseilari eta bozeamailea. Horrek ere "albiste bikaina" dela esan du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Katalunia Politika Kataluniako erreferenduma Delituak Alemania Eguneko albisteak Albisteak Carles Puigdemont Kataluniako prozesua zuzenean