Politika -
Espetxe politika
Nafarroako Parlamentua presoak urruntzearen aurka azaldu da
Geroa Bai, EH Bildu, Podemos, PSN eta Ezkerraren aldeko botoekin, “Espetxe Lege Orokorrean aurreikusitakoa betetzea” eskatu du Ganberak. UPNk eta PPNk kontrako botoa eman dute.
Agentziak | Erredakzioa
Presoak “urruntzeko espetxe politikarekin bat ez” datorrela adierazteko ebazpena onartu zuen Nafarroako Parlamentuak ostegunean. Geroa Bai, EH Bildu, Podemos, PSN eta Ezkerrak ekimena babestu dute; UPNk eta PPNk, aldiz, ez.
“Espetxe Lege Orokorrean aurreikusitakoa betetzea” eskatu du Ganberak, “zigorrak betetzeko orduan deserrotzea saihesteko; birgizarteratzeko printzipioekin ados”.
Presoak urruntzeko politikaren aurka azaldu da Ganbera. Zentzu horretan, “ETA desagertu ondoren zabaldutako garai berrian, zigorrak familiatik eta jaioterritik urrun betetzea saihestu beharko” litzatekeela uste du Nafarroako Parlamentuak, “senideekin harremana erraztuz, eta seme-alaba adingabeen ongizatea eta gurasoekin egoteko eskubidea bermatuz”.
Ganberaren hitzetan, “elkarbizitza politiketan aurrera egitea beharrezkoa da, horretarako printzipioak banan-banan eta gizatasunez aplikatzea egokia litzateke, baina baita egindako kaltea onartzea ere”.
Geroa Baik, EH Bilduk, Podemosek eta Ezkerrak bultzatu dute ebazpena, eta PSNk zuzenketa aurkeztu dio. “ETAko kide edo terrorismoaren aurkako legedia aplikatuta auzipetutako dozenaka preso nafarrei aplikatzen zaien salbuespen espetxe politika errotik aldatzearen” alde agertu da Nafarroako Parlamentua. “Zigorrak familiatik eta jaioterritik urrun betetzea saihestu” behar dela errepikatu du Ganberak.
Zentzu horretan, “ETAren desagerpena eta adostasun politiko zabala” aintzat hartzen dira, “azaroaren 9an onartutako ebazpenak” demostratu bezala. “Gaixorik dauden preso nafarrak aske uzteko edo neurri aringarriak aplikatzea” eskatu zuen ebazpenak, “bizikidetza eta normalizazioaren alde pausoak emateko”.