Politika -

BILERA MONCLOAN

Legegintzaldia agortzeko elkarrekin lan egitera konprometitu dira Ortuzar eta Sanchez

Joan den asteazkenean Moncloan egin zuten bileran, autogobernuaz eta Gernikako Estatutuaren garapenaz hitz egiteko borondatea agertu zuten bi aldeek.

Pedro Sanchez eta Andoni Ortuzar artxiboko argazki batean. EFE
Pedro Sanchez eta Andoni Ortuzar artxiboko argazki batean. EFE
Pedro Sanchez eta Andoni Ortuzar asteazkenean batzartu ziren

2:05

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Andoni Ortuzar EAJren EBBko presidenteak eta Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidente berriak bilera egin zuten joan den asteazkenean Moncloan eta iturri jeltzaleek jakinarazi dutenez, egonkortasun politikoa bermatzeko eta legegintzaldia agortzeko elkarrekin lan egiteko konpromisoa hartu zuten bi aldeek.

Bilerak bi ordutik gorako iraupena izan zuen, eta Sanchez Gobernuko presidente denetik bien artean egindako lehendabiziko batzarra da.

Hartutako konpromisoak ez du esan nahi, ordea, jeltzaleek sozialisten Aurrekontuak babestuko dituztenik. Jeltzaleen azaldu dutenez, PPren Gobernuarekin egin bezala, garaia heltzen denean hitz egingo dute Estatuko Aurrekontu Orokorren inguruan. Beraz, une honetan ez dago bermatuta jeltzaleek PSOEren kontuak babestea.

Halaber, kolaborazio hori beste esparru batzuetara ere zabalduko da, esaterako, PPren Gobernuak onartutako zenbait lege lehengoratzeko. Adibidez, EAJ Mozal legearen aurka agertu izan da eta memoria historikoaren alorrean ere akordioetara iritsi daitezke.

Asteazkeneko bileran autogobernuaz eta Gernikako Estatutuaren garapenaz hitz egiteko borondatea agertu zuten bi aldeek. Dena den, ez zuten konpromiso zehatzik hartu, izatekotan ere, Iñigo Urkullu lehendakariarekin hitz egiteko gaiak direlako.

Bilera Urkullurekin

Bestalde, Sanchezek Ortuzarri baieztatu zion idatzi gabeko araua errespetatuko duela eta Autonomia Estatutu zaharrena duen autonomia erkidegoko buruarekin elkartuko dela lehendabizi, hots, Urkullurekin. Bien arteko bilera laster izatea aurreikusten da, baina oraingoz ez dute datarik zehaztu.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika EAJ-PNV PSOE Andoni Ortuzar albisteak Espainiako Gobernua albisteak Pedro Sánchez albisteak Albisteak Gaur Albisteak