Politika -
PSOE
Sanchezen Gobernuak Francoren gorpuzkiak Eroritakoen Haranetik atera nahi ditu
Oscar Puente PSOEko Batzorde Exekutibo Federaleko bozeramailearen esanetan, 'ahalik eta epe laburrenean' egin nahi dute.
Agentziak | Erredakzioa
Pedro Sanchezen Gobernuak Francisco Franco diktadorearen gorpuzkiak Eroritakoen Haranetik ateratzen ahaleginduko da "ahalik eta eperik laburrenean". Oscar Puente Batzorde Exekutibo Federaleko bozeramaileak eman du horren berri.
Ferrazeko egoitzan emandako prentsaurrekoan azaldu duenez, Memoria Historiako "funtsezko" gaia da PSOErentzat eta Espainiako Gobernuarentzat; izan ere, Eroritakoen Harana "memoriarako lekua izan dadin" nahi dute, eta ez "diktaduraren gorespena".
Puentek ez du neurriak martxan jartzeko eperik jakinarazi, ezta prozesua garatzeko lege-formularik argitu ere. Francoren gorpuzkiak Eroritakoen Haranetik ateratzearen aldeko adostasuna dagoela berretsi du, diktadorea ez baitzen Guda Zibilean hil; berez baizik, 82 urte zituela eta Estatuko burua zela.
Edonola ere, Puenteren esanetan, Francoren gorpuzkiak Eroritakoen Haranetik ateratzea "ez da premiazkoa". "Dena den, erabakiak hartzeko garaia dela uste dugu. Presarik gabe hartuko ditugu, arinegi ibili gabe, baina hartu egingo ditugu", zehaztu du.
Kongresuak eskaria egin zuen
Espainiako Gobernuaren arabera, Francoren gorpuzkiak handik ateratzeko Kongresuaren baimena behar duen ala ez aztertu behar du orain. Izan ere, diktadorea Eroritakoen Haranetik ateratzeko legez besteko proposamena egin zion Kongresuak Exekutiboari 2017an.
Gobernuaren asmoa Kongresuan adostutakoa betetzea dela esan du gaur Carmen Calvo presidenteordeak, Batzorde Exekutiboaren bilera hasi aurretik. Horretarako, onartutako gai atal guztial aldi berean martxan jartzeko aukera edo apurka-apurka egitea aztertzen ari dira. Bigarren aukeraren alde eginez gero, Franco ateratzen hasiko liratekeela adierazi du Puentek.
PPk, bere aldetik, Memoria Historikoaren Legearen garapenean espainiarrak elkarren aurka jartzen ari dela leporatu dio PSOEri. Horren aurrean, 40 urte demokrazian egon ostean, Espainiak "ondutako demokrazia" gisa jardun dezan lortu nahi dutela erantzun du Puentek.