Politika -
Inkesta
Herritarren % 87k uste dute Gurtel epaiaren ostean Rajoyk dimisioa eman behar zuela
Aste hasieran egin den EiTB Focus inkestaren arabera, euskal gizarteak oniritzia eman die zentsura-mozioa babestu zuten alderdien portaerari.
Eitb.eus
Mariano Rajoy Espainiako presidente ohiak Gurtel auziaren epaia ezagutu zenean dimisioa aurkeztu behar zuen, EAEko hamar herritarretik bederatziren ustez. Aste hasieran egin den EiTB Focus inkestak jasotzen duenez, euskal gizarteak PP Gobernutik kanporatu zuen zentsura-mozioan parte hartu zuten alderdien jarrera babesten du.
Gizaker etxeak EiTBrentzat aldiro egiten duen ikerketa soziologikoaren edizio berezia egiteko, 450 elkarrizketa egin dituzte telefono bidez ekainaren 4an eta 5ean (astelehenean eta asteartean). Euskal Autonomia Erkidegoan bizi diren adin nagusikoak galdekatu dituzte horretarako.
Herritarren % 87k uste dute Mariano Rajoyk Gurtel auziaren epaia kaleratu ostean dimisioa aurkeztu behar zuela. Gurtel auziaren epaiak, buruak zigortzeaz gain, frogatutzat jo zuen 1999 eta 2005 bitartean PP “Estatuko interesen aurka bidegabe aberastu zela, horretarako ustelkeria baliatu zuen sistema instituzionala erabiliz”.
Galdetutakoen % 87,1ek uste dute auzia nahikoa arrazoi zela Rajoy Espainiako Gobernutik kanporatzeko.
PP Espainiako Gobernutik kaleratzeko une aproposa zen galdetuta, % 68k baiezko erantzuna eman dute, eta % 21ek ezezkoa. Azken horien artean daude Rajoyk dimisioa aurretik eman behar zuela uste dutenak eta dimisiorik eman behar ez zuela uste dutenak.
PP Gurtel auzian zenbateraino nahasita dagoen galdetuta, herritarren ia erdiek uste dute “erabat” inplikatuta dagoela, % 41en ustez “asko edo nahikoa” inplikatuta dago, eta galdetutakoen % 7k baino gutxiagok uste dute “zerbait, gutxi edo ezer ez” dagoela inplikatuta.
EiTB Focus honetako beste galdera nagusietako bat Diputatuen Kongresuan egindako zentsura-mozioari dagokio. Mozioa babestu zuten alderdi guztiek jaso dute herritarren oniritzia. PPk eta Ciudadanosek ez dute babesik lortu.
Gai honen inguruan EAJk eta EH Bilduk izandako jarrera “positiboa” izan da, inkestan parte hartu duten herritarren ustez.
Gainera, galdetutakoen % 82,2k ontzat jo dute EAJk Rajoy kargutik kentzen laguntzea erabaki izana. EAJren jokabideari zein nota jarriko lioketen galdetuta, 10 puntutik 7 jarri diote, batez beste.
Lautik hiruri “gaizki edo oso gaizki” iruditzen zaie Espainiako Gobernutik kaleratu ondoren PPk bere aurrekontuei zuzenketak aurkeztea Senatuan.
Fitxa teknikoa
Euskal Autonomia Erkidegoan bizi diren 450 pertsona. La= ± % 4,62, konfiantza-maila: % 95, p=q=0´5, datu orokorretarako. Lurralde historiko, udalerri, sexu eta adinaren arabera geruzatutako zorizko lagina.
Ikerketa soziologiko hau egiteko, Euskal Autonomia Erkidegoan bizi diren 450 pertsona galdekatu dituzte. La= ±% 4,62, konfiantza-maila: % 95, p=q=0´5, datu orokorretarako. Lurralde historiko, udalerri, sexu eta adinaren arabera geruzatutako zorizko lagina.
Inkesten % 26,9 euskaraz egin dira eta gainerako % 73,1a gaztelaniaz. Inkesta egindako udalen populazio-tamainagatik haztatutako erabateko emaitzak.
Landa-lana 2018ko ekainaren 4a eta 5a bitartean egin zen telefono bidezko elkarrizketak eginez. Batez beste, 5 minutu eta 30 segundo iraun dute; motzenak 4 minutu iraun du eta luzeenak 11.