Politika -
Gobernu berria
Sanchezen ministroak karguaz jabetu dira
11 emakumek eta sei gizonek PPren aurreko ministroen eskutik jaso dute kargua. Celaak euskal buruzagi sozialistak izan ditu lagun; Grande-Marlaskak, Perez Rubalcaba eta Ruz epaile ohia.
Agentzia | Erredakzioa
Botere aldaketa Espainiako Gobernuan. Pedro Sanchezen Exekutiboa osatzen duten 17 ministroek, 11 emakumek eta sei gizonek, kargua hitzeman dute, eta ondoren, Sailaren jabe egin dira ostegun honetan.
Promes egiteko ekitaldia Ekitaldia Zarzuela jauregian, Felipe VI. erregearen aurrean, eta sinbolo erlijiosorik gabe —horren aldeko hautua egin zuen Sanchezek berak presidente kargua hitzematean—.
Kargudun gehienek "emakumez eta gizonez osatutako ministro kontseilua' aipatu dute, Sanchezek bere Exekutiboari eman nahi dion berdintasun kutsu horren adierazle. Kargua agintzeko formula berrikuntza hori sartzen lehena Carmen Calvo Presidentetza, Gorteekiko Harreman eta Berdintasun ministroa izan da.
Lekuko izan dira, besteak beste, Kongresuko, Senatuko, Auzitegi Konstituzionaleko eta Goreneko presidenteak.
Dolores Delgado Justizia ministroa izan da kargua promesten lehena.
Kargua agindu ostean, horren jabe egin dira ministroak, bakoitza bere Ministerioan.
Calvo: "Berdintasun handia eraikitzeko lan egingo dugu'
Carmen Calvo Espainiako presidenteorde eta Presidentetza, Gorteekiko Harreman eta Berdintasun ministroak nabarmendu duenez, bere buruaren "epaile zorrotza" izango da hartu duen ardurak eskatzen duen "mailan egoteko".
Soraya Saenz de Santamariaren eskutik jaso du zorroa. Calvok hitz politak izan ditu PPko buruzagiarentzat, eta gogorarazi du berarekin lan egin zuela "hainbat gai delikatutan" —Konstituzioaren 155. artikulua negoziatu zuten—. "Estimu pertsonal zein intelektual handia diot", erantsi du.
Emakumeen eta gizonen arteko ezberdintasunak amaitzeko eta "berdintasun handia eraikitzeko" asmoz, "zorroztasunez eta pasioz" lan egingo duela agindu du.
Calvo, karguaren promesa egiten. Argazkia: EFE
Handik gutxira, Juan Ignacio Zoidoren eskutik hartu du kargua Fernando Grande-Marlaska epaile bilbotarrak. Horren hitzetan, "luxua da Estatu Ministerio bat zuzentzea", baita Espainiako Polizia, Guardia Zibila eta beste sail batzuen (Trafikoa, Larrialdiak eta Espetxe Agintzaritza, besteak beste) ardura izatea.
Kargu hartzean honakoak izan ditu lagun epaileak: Alfredo Perez Rubalcaba Barne ministro ohi sozialista, Pablo Ruz Auzitegi Nazionaleko epaile izandakoa, Alfonso Guevara Auzitegi Nazionaleko presidentea eta Espainiako Poliziaren eta Guardia Zibilaren goi-arduradunak.
Egindako hitzaldi laburrean, Grande-Marlaskak esan du Barne Ministerioa "denek" osatzen dutela "Konstituzioak eskatzen duenagatik" lan egin behar dela, hots, "Zuzenbide Estatu bat osatzeko, gure eskubide eta askatasunak garatu ahal izateko esparrua eratzea".
Grande-Marlaska, ekitaldian. Argazkia: EFE
"Elkarrizketa behar dugu"
Ordu erdi geroago hartu du kargua Isabel Celaa Hezkuntza eta Lanbide Heziketa ministroak. Iñigo Mendez de Vigok eman dio zorroa bilbotarrari. Agerraldian "elkarrizketa" aldarrikatu du, "hezkuntza ideologiez harago" doalako, erantsi du.
"Begirada ezberdinak ditugu, baina norabide berean zuzentzeko ahalegina egin behar dugu. Elkarrizketa behar dugu, hezkuntza aldaketaren ardatza da, aldaketa ororen ardatza, pertsonala zein soziala", adierazi du.
Celaak hezkuntza "inklusibo" eta hizkuntza koofizialekiko "errespetuzkoa" defendatu du, "Espainiako aniztasunaren seinale".
"Herritarrek akordioa eskatzen digu, hezkuntza ideologiez harago baitoa", esan du senitartekoen, Patxi Lopez lehendakariaren eta Idoia Mendia euskal sozialisten idazkari nagusiaren aurrean.
Hezkuntza ministro berria. Argazkia: EFE