Politika -

Katalunia

Kataluniako Generalitateko kontseilari berriek gaur hartuko dituzte karguak

Generalitateko Egunkari Ofizialak ostiral honetan argiraratu ditu Kataluniako Gobernuaren presidenteordearen eta kontseilarien izendapenak.

Kataluniako Generalitateko kontseilari berriak. Irudia: EFE
Kataluniako Generalitateko kontseilari berriak. Irudia: EFE
Kataluniako Generalitateko kontseilari berriak. Irudia: EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Quim Torraren Gobernu berriaren kontseilariek larunbat honetan hartuko dituzte karguak, Generalitateko jauregian, eta, horren ostean, lehenengo bilera egingo dute.

Ekitaldia 11:30ean hasiko da, eta Torra izango du buru. Kontseilari berrien izendapenen dekretua irakurriz emango zaio hasiera; Kataluniako presidentearen aurrean egingo dute karguaren zina.

Ekitaldian Roger Torrent Kataluniako Parlamentuko presidentea ere izango da. Hala, Generalitateko presidentearen hitzaldiarekin amaituko da; honek ohiko diskurtsoa ematea ekidin zuen, kargu hartu ostean, maiatzaren 17an.

Hasiera batean izendatutako kontseilariak ordezkatzen dituzten pertsonak honako hauek dira: Laura Borras (Kultura), Damia Calvet (Lurraldea eta Jasangarritasuna), Alba Verges (Osasuna) eta Angels Chacon (Enpresa eta Ezagutza); azken honek Elsa Artadi ordezkatzen du. Artadi Presidentetzako kontseilaria da orain, eta Kataluniako Gobernuko bozeramailetza mantentzen du.

Halaber, dekretuak honako hauek ere izendatu ditu: Pere Aragones i Garcia (Ekonomia eta Ogasun eta Gobernuko presidenteordea), Ernest Maragall i Mira (Kanpo Ekintza, Nazioarteko Harremanak eta Gardentasuna; Miquel Buch i (Barne Departamentua), Josep Bargallo i Balls (Irakaskuntza), Ester Capella i Farre (Justizia), Chakir El Homrani Lesfar (Lana, Gizarte Gaiak eta Familiak), Jordi Puignero i Ferrer (Politika Digitalak eta Administrazio Publikoa) eta Teresa Jorda i Roura (Nekazaritza, Abeltzaintza, Arrantza eta Elikadura).

Hamahiru goi karguetatik sei emakumeenak dira, beraz, Torraren Gobernuak hasiera batean izendatutako kontseilarien parekidetasun falta zuzendu da.

Generalitateko Egunkari Ofizialak kontseilari berrien izendapenak argitaratu ditu

Generalitateko Egunkari Ofizialak Quim Torra Kataluniako Gobernuko presidenteak maiatzaren 29an sinatutako 3/2018 Dekretua argitaratu du ostiral honetan, hau da, Gobernuko presidenteordearen eta kontseilari berrien izendapena. Ezinbesteko pausoa da izendatutako pertsonek kargua hartzeko, Gobernu berria osatzeko eta Katalunian 155. artikulua bertan behera geratu ahal izateko.

Dekretu honek maiatzaren 19an sinatutako dekretua ordezkatzen du; Espainiako Gobernuak ez zuen argitaratu Generalitateko Egunkari Ofizialean, izendapenen zerrendak behin-behinean preso edo justiziatik ihes eginda dauden Carles Puigdemonten Gobernuaren lau kontseilari hartzen zituelako: Josep Rull, Jordi Turull, Lluis Puig eta Toni Comin.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Katalunia Politika Eguneko albisteak Albisteak Pere Aragonès