Politika -

KONTROL SAIOA

Zentsura-mozioa Moncloara heltzeko baliatu nahi duela egotzi dio Rajoyk Sanchezi

PSOEko bozeramaileari erantzunez adierazi duenez, ez berak, ez PPk, ez dute Gurtel auziko epaitik eratorritako erantzukizunik.

Soraya Saenz de Santamaria eta Mariano Rajoy Diputatuen Kongresuan. EFE
Soraya Saenz de Santamaria eta Mariano Rajoy Diputatuen Kongresuan. EFE
Boterera iristeko 'bidezidorrak' erabiltzea leporatu dio Rajoyk Sanchezi

1:32

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Zentsura-mozioa Moncloara heltzeko "lasterbide" gisa baliatu nahi izatea aurpegiratu dio Mariano Rajoy Espainiako Gobernuko presidenteak Pedro Sanchez PSOEko buruzagiari, Espainiako Diputatuen Kongresuan gaur egiten ari diren kontrol saioan. Rajoyren esanetan, Sanchezek badaki hauteskundeen bitartez "ezinezkoa" zaiola Gobernura heltzea.

PPko diputatuek zutik jarrita eta txalo zaparrada batekin egin diote ongietorria Mariano Rajoyri Diputatuen Kongresuan. Margarita Robles PSOEk Kongresuan duen bozeramaileari erantzunez adierazi duenez, ez berak ez bere alderdiak ez dute Gurtel auziko epaitik eratorritako erantzukizunik.

PPko diputatuek txalo artean hartu dute Mariano Rajoy
PPko diputatuek txalo artean hartu dute Mariano Rajoy
PPko diputatuek txalo artean hartu dute Mariano Rajoy

"Zuek ni baino hobeto dakizue hauteskundeetara joanda ezinezkoa dela bera Gobernuko presidente izatea, eta, horregatik, hautetsontzietatik ihes egin eta zentsura-mozioa aurkeztu du", esan du.

Rajoyren aurkako zentsura-mozioaren bezperan Espainiako Gobernuko presidenteak adierazi duenez, Gurtel auziko epaiak ez du zigortu ez Gobernuko kiderik, ez gaur egun PPko militante denik, ezta PP alderdia ere.

Bozeramaile sozialistak, ostera, Gurtel auziaren epaia aurpegiratu dio Mariano Rajoyri. Are gehiago, sinesgarritasuna galdu duela esan dio, horren esanetan, epaimahaiaren aurrean gezurra esan zuelako bere alderdiko ustelkeria estaltzeko. "Justizia epaitegien aurrean sinesgarritasunik ez duen presidente batek ez du sinesgarritasunik herrialde honek behar duen egonkortasuna bultzatzeko", gaineratu du.

Agintaldia agortzeko asmoa duela berretsi du Rajoyk

Kongresuko kontrol saioan Gabriel Rufian ERCko bozeramaile ondokoaren galdera bati erantzunez Mariano Rajoyk gaur berretsi duenez, legealdia agortzeko asmoa du. Rufianek dimititzeko eskatu dio Rajoyri, eta, horren aurrean, lau urteko legegintzaldia amaitzeko asmoa duela azpimarratu du Rajoyk.

Presidente karguari eusteko hainbat arrazoi eman ditu Rajoyk: aurreko hauteskunde orokorretan bigarren alderdiak baino 50 eserleku gehiago eskuratu zituela, Kongresuaren konfiantza lortu zuela eta Kongresuak aurreko astean 2018ko Estatuko Aurrekontuak onartu zituela.

Zentsura-mozioari dagokionez, berriz, Sanchez denei xantaia egin nahi diela uste du Rajoyk: "PSOEk 'Frankestein' Gobernuko kideei esaten die zentsura-mozioa babesten ez badute Ciudadanosekin akordioa lortu eta hauteskundeak aurreratu beharko dituela, eta Ciudadanosi esaten dio hauteskundeak aurreratzeko eskatzen jarraitzen badu 'Frankestein' Gobernuarekin joango dela". "Ea xantaia nork onartzen duen", aldarrikatu du.

Gabriel Rufianen ustez, ostera, herritarrek azken hauteskundeetan PPri botoa eman ziotenean "ez zekiten lapurtzen zuenik", eta Rajoyk dimisioa eman behar duela berretsi du. "Lapurretak eta kartzelariak Moncloatik botatzea ez da aukera bat, obligazio bat baizik", erantsi du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Diputatuen Kongresua albisteak Berriak Politika PP Rajoy berriak Albisteak Gaur Gaurko azken ordukoa