Politika -
Behe Ganbera
Rajoyren aurkako zentsura mozioaren eztabaida ostegun eta ostiralean egingo da
Datozen bi egunotan hautagai eta zentsura mozio gehiago aurkeztu ahal izango dira. EAJk ez du oraindik argitu alde edo aurka bozkatuko duen.
agentziak
Pedro Sanchezek Mariano Rajoyren aurka aurkeztutako zentsura mozioa onartu du gaur, astelehena, Kongresuko Mahaiak 10:00etan egin duen bileran, eta eztabaida ostegunean (maiatzak 31) eta ostiralean (ekainak 1) egingo dute Diputatuen Kongresuan. Pablo Iglesiasek zentsura mozioa aurkeztu zuenean, 20 egun baino gehiago igaro ziren eztabaida egin arte.
Sanchezen inguruko iturrien arabera, berak eta Ana Pastor Mahaiko presidenteak adostu dute eztabaida egun horietan egitea eta, haien ustean, "albiste ona" da aste honetan bertan erabakitzea Rajoy Gobernutik kentzen duten ala ez.
Gaurko bileraren ostean, bi eguneko epea zabaldu da beste taldeek ere mozioak aurkezteko, haien hautagaiekin, nahi izanez gero. Mozioa Gurtel auziko lehen garaiaren epaia ezagutu ostean aurkeztu zuten sozialistek, PP zigortu baitzuten.
Araudiaren arabera, zentsura mozioa Gobernuari erantzukizun politikoak bere gain hartzeko eskatzeko modu ofiziala da, eta eman beharreko pausoak ezarrita daude: mozioa aurkezteko gutxienez Kongresuko hamarren batek sinatu beharko du (35 diputatu), eta hautagai bat proposatu behar da, aukera dago beste moziorik aurkezteko, beste hautagairekin, eta eztabaidan onartzeko gehiengo osoa behar da (176 boto).
PSOEren zentsura mozioa alderdi horretako 84 diputatuek babestu dute, eta Pedro Sanchezen hautagaitza proposatu da. Testua Mahaiak begi onez ikusi ondoren, Gobernu espainiarraren presidenteari eta talde parlamentarioetako bozeramaleei igorri zaie.
Hala, Ganberako gobernu organoak bi eguneko epea zabaldu du ondoren, bestelako mozio eta hautagaiak aurkezteko. Horretarako, lehen mozioa aurkezteko baldintza berak bete beharko dituzte eta, onartuz gero, denak egun berean eztabaidatuko dira.
Prozesu horrek denbora izan dezan, mozioaren edo mozioen bozketa ezingo da lehen idazkia aurkeztu eta bost egun baino gutxiagora. Eta zentsura mozioa bat baino gehiago izango balitz, aurkezpenaren hurrenkeraren arabera bozkatuko lirateke baina, edozein kasutan, gehiengo osoaren babesa (176 diputatu) jaso duenak baina ez du aurrera egingo.
Esteban: Sanchezek zer egin nahi duen argitu beharko du
Aitor Esteban EAJren Kongresuko bozeramaleak ez du zehaztu mozioaren alde bozkatuko ote duten eta, gogorarazi duenez, sozialistak dira proposamena egin dutenak eta, lehenik eta behin, "zer egin nahi duten", "zein gehiengorekin" egin nahi duten, eta Euskadirentzat eta Kataluniarentzat duten asmoa argitu.
Esteban kazetariei mintzatu zaie Bozeramaleen Batzordearen bileraren aurretik, Kongresuan. Jeltzaleak azaldu duenez, "galdera" asko daude oraindik argitzeke, eta Pedro Sanchez PSOEren buruak ez du oraindik azaldu "noiz desegin nahi" diten Ganberak, "zer konpondu nahi duen" eta "norekin konpondu nahi duen".
Hala, EAJren bozeramaleak ez du argitu jeltzaleek emango duten botoa zein izango den, baina azpimarratu du garrantzitsuagoa izango direla Sanchezek Euskadirentzat eta "Kataluniako egoera berezia" bideratzeko dituen "asmoak".
Estebanek, gainera, ziurtatu du Sanchez ez dela EAJrekin harremanetan jarri: "Ez dakit gure babesa interesatzen ote zaion", baina "zertarako nahi duen, nola nahi duen eta zehatz-mehatz zer egin nahi duen azaldu behar du". Ondoren, berretsi egin du jeltzaleek ez dutela erabakirik hartuko galdera horiek argitu arte.
EH Bilduk ez du botoa argitu
EH Bilduk erabakia hartu du jada Mariano Rajoy Gobernu espainiarraren presidentearen aurkako zentsura mozioa dela eta, baina ez du oraindik argitu alde edo aurka bozkatuko duen, iritzia aldarazi diezaioketen gertaerak izan daitezkeelakoan.
Otegiren esanetan, EH Bildu bat dator "Rajoy kaleratu behar dela" uste duten euskal herritarren "% 99ekin", baina, halere, Pedro Sanchez hautagai sozialista babestea "jarraitasuna" bermatzea litzateke eta ez da "aukera demokratizatzailea".
Sanchez: "Zentsura-mozioa, egonkortasuna eta hauteskundeak"
Pedro Sanchez PSOEren buruak adierazi duenez, zentsura-mozioak aurrera egitekotan, beharrezkoa izango da Espainian nolabaiteko egonkortasuna bermatzea hauteskundeak deitu baino lehen. "Zentsura-mozioa, egonkortasuna eta hauteskundeak", hori izan da alderdiak Ferrazen egin duen Batzar Federalean adierazi duen bide orria.
PPren ustezko finantzaketa ilegala eta alderdi horretako kide batzuek ustez bidegabe aberastu izana "ziurtasun osoa" da, Gurtelen epaia ezagutu eta gero.
Casado "independentista eta batasunoez" aritu da
Pablo Casado PPren Komunikazio idazkariordearen hitzetan, Espainia "independentista eta batasunoen eskuetan" uzteko arriskua du Sanchezek mozioarekin, espainiarrak Carles Puigdemont eta Arnaldo Otegiren "gatibu" bihurtuta.
Podemos, militanteei galdetzearen alde
Podemosek mozioa baldintzarik gabe babestuko duela ziurtatu badu ere, kontsulta deitu du asteazken eta ostegunerako, euren militanteek "azken hitza" izan dezaten.
Riverak hauteskundeak eskatu ditu berriz
Albert Rivera Ciudadanoseko buruak legislatura modu "ordenatuan" bukatzea eta hauteskundeak udazkenerako deitzea eskatu dio berriz Mariano Rajoy Espainiako Gobernuko presidenteari. Deitu ezean, "B plana" PSOErekin zentsura-mozioa adostea da. Riveraren asmoa hautagai independentea aukeratzea da, ondoren hauteskundeak deitu ditzan.
Pentsiodunek mozioa babestea eskatu diote EAJri
Euskadiko pentsiodunak kalera irten dira astelehen honetan Bilbon, pentsio duinez gain, Mariano Rajoy PPren Gobernuko presidentearen dimisioa eskatzeko. Zentsura-mozioa "aukera bat" izan daitekeela uste dutenez, PSOEren ekimena babestea eskatu diote EAJri.
EAJk eztabaida erabaki lezake
Pedro Sanchezek Kongresuko diputatu guztiei eskatu zien babesa. Hasteko, Unidos Podemosen 67 diputatuen eta Compromisen 4 ordezkarien aldeko botoa izango du, baldintzarik gabe, horrela 155 boto batuko lituzke. Jakintzat ematen da, baita ere, Kanaria Berrien botoa, PSOEren hauteskundeetako kidea baita, baina alderdi horrek ez du nahi Rajoyren Gobernuarekin Aurrekontuak direla eta lortutako akordioaren baldintzak aldatzea.
Hortik aurrera, eta Ciudadanosek zentsura mozioa baztertu duela ikusita, PSOEk ERC eta PDeCATen botoak behar ditu (17 boz), baina horiek Quim Torra Generalitateko presidentearekiko errespetua eskatu dute. Azkenik, baliteke dena EAJren esku egotea, bere bost ordezkarien botoak erabakigarriak izan baitziren aurrekontuen gaineko bozketan.