Politika -

ESTATUKO AURREKONTU OROKORRAK

UPNk Estatuko Aurrekontuak babestuko ditu, Rajoyrekin akordioa lortu ostean

Presoak hurbiltzeko gaia aztertzeko Jaurlaritzarekin eta Nafarroako Gobernuarekin mahairik osatuko ez duela hitz eman dio Espainiako presidenteak. Horrez gain, AHTarentzat inbertsioak lotu ditu UPNk.

Esparza, hedabideen aurrean, akordioa jakinarazi eta gero. ETBko bideo batetik hartutako irudia.
Jose Javier Esparza (UPN). ETB
Esparza, hedabideen aurrean, akordioa jakinarazi eta gero. ETBko bideo batetik hartutako irudia.

Agentzia | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Jose Javier Esparza UPNko buruak gaur iragarri duenez, erregionalistek Estatuko Aurrekontu Orokorrak babestuko dituzte, Mariano Rajoy Espainiako Gobernuko presidentearekin hainbat gairen inguruan akordioa lortu ostean.

Esparzak prentsaurrekoan azaldu duenez, UPNk "erantzukizunez jokatu nahi izan du, Espainiak Aurrekontuak eta egonkortasuna eduki ditzan". Horrez gain, "Nafarroak merezi duen errespetua aldarrikatu" nahi izan du, baita "ETAren terrorismoaren biktimek merezi dutena ere".

Azken gai horren harira, Esparzak argitu du ez dela egongo Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak presoak hurbiltzea eztabaidatzeko Espainiako Exekutiboari eskatutako hiruko mahaia. Presoen auzia ez aztertzea "UPNk jarritako ezinbesteko baldintza" izan dela erantsi du UPNko buruzagiak.

Esparzaren esanetan, "PPren Gobernuak demokraten batasun politikoa mantentzeko konpromisoa hartu du, eta Terrorismoaren aurkako Itunean ez dela Espainiako herritarren gehiengoak babestuko ez duen eztabaida edo elkarrizketa mahairik izango".

Inbertsioak

Presoen auziaren inguruko akordioa lortzeaz gain, Nafarroarentzat hainbat inbertsio lotu ditu UPNk aldeko botoen truke. Besteak beste, honakoak adostu dituzte: AHTaren Nafarroako zatia eraikitzeko inbertsioetako egutegi bat, Volkswagenen 800 lanpostu sortzeko laguntzak ematea, AP-15a eguneko joan-etorrietan doakoa izatea edota Nafarroako hainbat herritan kirol azpiegiturak eraikitzea.

Guztira, Espainiako Gobernuak Nafarroan 2.667,5 milioi euro bideratuko dituela agindu du.

AHTari dagokionez, Alesbes-Azkoien, Azkoien-Erriberri, Erriberri-Tafalla (hegoaldea), Tafalla (hegoaldea)-Tafalla zatiak eraikitzen jarraituko du Espainiak. Zati berriei dagokienez, honakoak eraikitzen hasteko hitza eman hartu du Rajok: Tafalla-Campanas, Campanas-Ezkirotz eta 'Euskal Y'a eta Iruñea batzeko lotura. Azken hori 2023rako amaituta egoteko inbertsioak agindu ditu Espainiako Gobernuak.

Esparzaren esanetan, "beste batzuk euskal nazionalismoa inposatzeko neurriak hartzen tematuta dauden bitartean, UPNk erantzukizunez jarduten jarraitzen du nafarren etorkizunaren alde".

 

 

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Mariano Rajoy UPN Nafarroa Espainiako Gobernua Espainia bideoak Presoak Jose Javier Esparza Abiadura Handiko Trena Aurrekontu Orokorrak