Politika -

Katalunia

155a 'behin betiko desagertu' behar da, Jaurlaritzaren iritzian

'Beste alderdi batzuek egindako interpretazioak' ulertzen ez dituela nabarmendu du Josu Erkoreka eledunak.

Josu Erkoreka, artxiboko argazki batean. ETBko bideo batetik ateratako irudia.
Josu Erkoreka. ETB
Jaurlaritzak dio, behin gobernua eratuta, 155.ak ez duela zentzurik

1:10

Agentzia | erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Quim Torra Kataluniako presidente aukeratuta eta Gobernua osatuta, Konstituzioaren 155. artikulua bertan behera utzi eta "behin betiko desagertu" behar dela uste du Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak. Hala, "beste alderdi batzuek" —Ciudadanosek indarrean mantentzea nahi du— artikulu horren eta Senatuaren ebazpenaren inguruan egiten dituzten "interpretazioak" ulertzen ez dituela nabarmendu du.

Gobernu bileraren osteko prentsaurrekoan Kataluniako inbestidura izan du hizpide Jaurlaritzaren eledunak. Gogorarazi duenez, lehendakariak atzo deitu zion Torrari zorionak emateko. "Hemendik aurrera, Kataluniako politikan aro berri bat zabalduko delakoan dago lehendakaria, arlo politiko zein instituzionalean akordioa eta elkarrizketa berreskuratuko dela", azaldu du.

Nabarmendu duenez, "155a ezarri baino lehen, Generalitatearen eta Jaurlaritzaren artean zegoen hartu-emana eta lankidetza berhartzeko prest azaldu zen lehendakaria"

Erkorekaren esanetan, Konstituzioaren 155 artikuluak eta Senatuaren ebazpenak diote "behin Gobernua osatuta", artikulu hori "bertan behera geratu eta behin betiko desagertzen" dela.

 

 

 

Ildo horretan, 155a indarrean mantendu nahi duten alderdi politikoen, batez ere Ciudadanosen, jarrera kritikatu du Erkorekak: "Ez dugu bat egiten irakurketa edo interpretazio hori egiten dutenekin. Ez dakigu eta ez dugu ulertzen zertara datorren orain defendatzea 155 artikuluaren aplikazioarekin jarraitu behar dela".

Jaurlaritzako bozeramailearen arabera, orain "positiboena eta garrantzitsuena" da Katalunian Gobernu bat osa daitekeela, "zalantzarik ez duen gehiengo parlamentario bat oinarri hartuta".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Katalunia Politika Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritza Alderdi politikoak Ciudadanos Albisteak