Politika -
Autogobernu lantaldea
Alderdiek astebeteko epea hartu dute, Estatutu berriaren hitzaurrean aurrera egiteko
Datozen egunetan talde parlamentarioek hainbat bilera egingo dituzte, Estatutu politiko berriaren negoziazioa desblokeatzeko asmoz.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Talde parlamentarioak Euskal Autonomia Erkidegoko Estatutu berriaren hitzaurrea adosteko negoziazioa desblokeatzen saiatuko dira, eta horretarako astebeteko epea ezarri dute. Horrela bada, datozen egunetan hainbat bilera egingo dituzte, akordioa bilatu nahian.
Asteazken honetarako Autogobernu Lantaldeak beste bilera ba izango du, baina azkeneko batzarrean izan zituzten desadostasunak kontuan hartuta, ez da Estatutu berriko hitzaurreari buruzko akordiorik espero. Aitzitik, hitzaurrearen izenburua adosten saiatuko dira.
EAJk egindako proposamenean "Euskal Herria" eta "nazioa" bezalako kontzeptuak ageri dira eta Estatuarekiko harremanak "aldebikoa" izan behar duela zehazten da. EH Bilduk begi onez ikusi ditu termino horiek; PSE-EE, berriz, kontra azaldu da, eta Alderdi Popularrak "muturreko planteamenduak" direla kritikatu du.
Elkarrekin Podemosek ohartarazi du ez duela EAJ eta EH Bilduren babesa soilik izango duen Estatutu baten alde egingo.
Gauzak horrela, eta Elkarrekin Podemosek proposatuta, astebetez atzeratuko dute hitzaurreari buruzko eztabaida, eta asteazken honetako bileran hitzaurrearen izenburua adosten saiatuko dira.
EFE agentziaren arabera, hitzaurreak gutxienez EAJ, EH Bildu, Elkarrekin Podemos eta PSE-EEren babesa izatea da talde parlamentarioen helburua.