Politika -
KATALUNIA
Ibarretxeren gutuna Puigdemonti: 'Betiko izango dituzu nire aitortza eta maitasuna'
Ibarretxe lehendakari ohiak gutuna igorri dio publikoki Puigdemonti. 'Zuen bekatua ez da Kataluniaren independentzia defendatzea, Kataluniaren demokraziaren alde egitea baizik', dio idatziak.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Juan Jose Ibarretxe lehendakari izandakoak gutun publikoa igorri dio Carles Puigdemont JxCat-eko buru eta Kataluniako presidente kargugabetuari.
Katalanez idatzitako gutuna Vilaweb agerkari digitalak zabaldu du gaur. Bertan, Ibarretxek bere "aitortza eta maitasuna" agertu dizkio Puigdemonti.
"Besarkada publikoa" igorri dio lehendakari ohiak buruzagi kataluniarrari, "baita erbestean lagun dituzunei eta Espainiako espetxeetan dauden preso politikoei —preso politikoak, bai—", dio Ibarretxek.
Puigdemonten eta harekin batera independentziaren aldeko prozesua bultzatu dutenen "ausardia" eta "eskuzabaltasuna" goratu ditu Ibarretxek idatzian, "herriaren eta demokraziaren alde" egin dutelako. "Handiak zarete zuen herriak maite zaituztelako", gaineratu du.
"Badakit zuen asmoa ez dela heroiak izatea… Zu eta zure ingurukoak ez zarete heroiak, pertsona duinak zarete. Horregatik, presidente, betiko izango dituzu nire aitortza eta maitasuna", esan dio.