Politika -
KATALUNIA
Torra gaur inbestituko dute, CUPeko abstentzioarekin
Bigarren inbestidura saiakera egingo dute gaur. 66 boto izango ditu alde Quim Torrak eta 65 kontra. Horregatik, CUPen abstentzioa behar du presidente izateko.
eitb.eus
CUPen Batzorde Politikoak bilera berezia egin du igandean Cerveran (Lleida), Quim Torra JxCatek Kataluniako Generalitateko presidente izateko aurkeztu duen hautagaiari argi berdea eman edo ez erabakitzeko, eta baiezkoak irabazi du.
Lehen inbestidura saiakera egin zuten larunbatean, baina ez zen aurrera atera Torrak gehiengo absolutua behar zuelako presidente izateko, eta CUPeko lau diputatuak abstenitu egin zirenez, ez zuen gehiengo hori lortu (66 boto alde eta 65 boto kontra izan zituen).
Asteleheneko bigarren saiakeran berriz ere abstenitzea behar zuen Quim Torrak presidente izendatua izateko, bigarren bozketan nahikoa baita gehiengo soila. Eta horixe erabaki du igandean CUPek, berriz ere abstenitzea.
Zalantzak izan dira zer erabakiko ote zuen CUPek, kide batzuek Torrak "profil autonomista" duela uste baitzuten eta ezezkoa bozkatu nahi zuten, baina larunbatean Quim Torrak gogor ukatu zuen hori inbestidura hitzaldian. Hain zuzen ere, "su piztailea" eta "fundamentalista" deitu zioten alderdi espainolistek Torrai bere hitzaldia entzun ostean.
'Ez da Gobernuari babesa ematea'
Lluc Salellas CUPeko eledunak zehaztu duenez, abstentzioak ez du esan nahi eratuko den Gobernu berria babesten dutenik. "Egungo egoera politikoa" kontuan hartuta hartu dutela Torraren inbestidura "ez blokeatzeko" erabakia esan du. "155. artikulua, preso politikoak edota politikariak erbestean. Egoera politikoak eraman gaitu inbestidura ez blokeatzera", gaineratu du.
Maria Sirvent CUPeko diputatuak, bestalde, argi utzi du erabaki honen helburua Parlamentean "oposizio aktiboan" jarraitzea dela. "Gure abstentzioak Torraren inbestidura ahalbidetuko duen arren, ez diogu Gobernuari babesa ematen, ez da horrela ulertu behar", zehaztu du.