Politika -
Nafarroa
Barkos: 'Nafarrok zehaztuko dugu gure estatus politikoa'
Foru presidenteak aitortu duenez, 'denok dugu gure jarrera politikoa' baina berak 'oso argi' du gaur egun Nafarroan dauden 'gehiengoak'.
Agentzia | Erredakzioa
Uxue Barkos Nafarroako Gobernuko presidenteak nabarmendu duenez, Nafarroako herriaren 'subiranotasunak' zehaztuko du erkidegoaren estatus politikoa.
Urkullu lehendakariarekin Bertizen egindako ekitaldiak eta EAJk EAEko estatutu politiko berriaren hitzaurrerako egin duen proposamenak "zerikusirik ez" duela adierazi du, eta gogorarazi du berak "beti" defendatu duela "Nafarroak, subjektu politiko gisa, bere herritarren ahotsa bakarrik aintzat" hartuko duela.
"Nafarroak zehaztu genuen eta zehaztuko dugu etorkizunean gure estatus politikoa", azpimarratu du. Presidentearen hitzetan, "edozein alderdi politikok egindako proposamenak, duten edukia gorabehera, Nafarroako herriaren subiranotasunaren baitan kokatu beharko dira".
Aitortu duenez, "denok dugu gure jarrera politikoa", baina berak "oso argi" gaur egun Nafarroan dauden "gehiengoak".
"Beti esan dut, eta hori da legegintzaldiko lehen egunetik dudan konpromisoa: jardun politikoa gehiengoen jokoa defendatzean datza", nabarmendu du.
PPk euskararen kontra abiatutako kanpaina
PPk Nafarroan barrena "euskararen inposizioa salatzeko egin asmo duen 'karabana linguistikoaz' galdetuta, Barkosek esan du mota horretako kanpainek agerian uzten dutela "Nafarroa zer den, zer nolako pertsonalitate politikoa duen eta hizkuntza zer den erabat ezezaguna zaiela batzuei". "Hizkuntza mehatxu moduan ikusteak batzuen maila politiko eskasa adierazten du", erantsi du.