Politika -
Nafarroako PP
'Euskararen inposizioa' salatzeko 'karabana' egingo du PPk Nafarroan barrena
Ana Beltran Nafarroako PPko buruzagiaren esanetan, 'euskara errespetatzen dugun hizkuntza propioa' da, baina azpimarratu du ez dutela 'inposiziorik' onartuko.
Agentzia | Erredakzioa
Foru Gobernuak "euskara inposatzen" duela salatzeko eta horren arriskuez ohartarazteko "karabana linguistikoa" antolatu du Nafarroako PPk.
Ana Beltran Nafarroako PPren presidenteak prentsaurrekoan azaldu duenez, "karabana" larunbatean abiatuko da Tuteratik "Gehiengoari errespetua. Euskararen inposizioari ez" lelopean. Itzulian alderdiko hainbat kidek parte hartuko dute, informazioa eman eta hurbiltzen zaizkien herritarrei entzuteko.
"Karabana horren helburua da nafarrak ohartaraztea Gobernuak dituen asmoez. Euskal hiztunen eskubideek argudiatuta, euskara injektatu nahi digute, halabeharrez, aukeratzeko askatasunik gabe, eta herritarren % 93k hitz egiten ez dutela eta hizkuntza ofiziala ez dela ahaztuta", kritikatu du.
Eremu ez-euskaldunetako errepideetan dauden kartel elebidunak eta Nafarroako Gobernuaren zentralitara edo osasun etxeetara deitzean lehen hitza euskaraz egitea aipatu ditu Beltranek "inposizio" horren adibide gisa.
Beltranen esanetan, "euskara gure erkidegoko hizkuntza propioa da, errespetatu egiten dugu, baina ez dugu inoiz onartuko politizatzea, eta Nafarroa eta Euskadi bat egiteko arma gisa erabiltzea".
Ildo horretan, EAJk Autonomia Estatu berriaren hitzaurrerako egin duen proposamena (Euskal Herria zazpi lurraldetan, Nafarroakoa barne, finkatutako herri gisa definitzea nahi dute jeltzaleek) gogor salatu du Beltranek. Horren irudiko, "Uxue Barkosek eta Iñigo Urkulluk bide orri bera dute: bi erkidegoek bat egitea. Espainiako erkidegoen artean berea desagertzea nahi duen presidente bakarra da gurea (Barkos)".
Foru Gobernuaren erantzuna
PPren "karabana linguistikoaz" eta ekainaren 2an Iruñean deituta dagoen manifestazioaz galdetu diote gaur Maria Solana Nafarroako Gobernuaren bozeramaileari. Aitortu duenez, deitzaileek manifestaziorako eskubidea dute, baina "deigarria" iruditu zaio martxa "herritarren hizkuntza eskubideen kontra" antolatzea.
"Leloak irakurrita, kosta egiten da argudioak ulertzea. 'Inposizioa', esaterako, 'zer, nola, noiz, nori eta zeri buruzkoa' galdetu beharko genuke", nabarmendu du.
Karabanari buruz xehetasunik ez duela aitortu du: "Suposatzen dut baimenak izango dituela".