Politika -
Diputatuen Kongresua
1978ko sanferminetako gertakariak desklasifikatzea errefusatu dute
Podemos, EAJ eta ERCren proposamena atzera bota du Kongresuko Barne Batzordeak. Gertakarietan Poliziak tiro egin eta German Rodriguez hil zuen.
Agentziak | Erredakzioa
Duela 40 urte, 1978ko sanferminetan gertatutakoa desklasifikatzea baztertu du gaur Kongresuko Barne Batzordeak. Horrela, Podemos, EAJ eta ERCren legez besteko proposamena atzera bota dute. Gertakarietan Poliziak tiro egin eta German Rodriguez gaztea hil zuen.
Bestalde, Kataluniako Koperniko operazioan parte hartu zuten Espainiako polizia eta guardia Zibil guztiak saritzea proposatu du Ciudadanosek. Alderdi laranjaren proposamena ere atzera bota dute.
Batzordean eztabaidatu eta bozkatu ondoren, Ciudadanosen legez besteko proposamenak ez du alderdi bakar baten babesik jaso. PSOEk eta PPk aurkeztatutako zuzenketak ez ditu onartu alderdi laranjak. Miguel Angel Gutierrez Ciudadanoseko bozeramailearen hitzetan, ez zuten poliziek “ordena konstituzionala babesteko” egindako lana aintzat hartu nahi.
Koperniko operazioan milaka polizia Katalunian zabaldu zituen Espainiako Gobernuak, U-1eko erreferenduma baino lehen. Horrela, abenduaren 30era arte 4.500 guardia zibil eta polizia izan ziren Katalunian.
“Poliziak profesionaltasun eta leialtasun eredu dira eta Gobernuak emandako erantzunaren gainetik egon ziren, nahiz eta operazioaren erantzukizuna izan”, goraipatu du Gutierrezek PDeCATen, Podemosen eta, batez ere, Gabriel Rufian ERCko diputatuaren kritiken aurrean. Rufianen ahotan, “kontakizun faltsu bat elikatu nahi du”. Polizia “gaixoek zonbi independentisten hordei” aurre egin behar izan zieten, ironiaz azpimarratu duenez.
Kontakizun “maltzurrak” erradikalak “boto-txartelen jabeak eta ez borrenak” izan zirela inposatu nahi du, Rufianek salatu duenez. “Polizia ausart armatuek boto-txartelekin armatutako adinekoak jipoitu zituzten”, erantsi du.