Politika -
Autogobernua
Estatuarekin aldebiko harreman eredu berri bat sortzea proposatu du EAJk
EAJ Estatutu berriaren hitzaurreak izan beharko lukeen edukirako proposamenak zehazten hasi da.
Agentziak | Erredakzioa
Estatutu berria lantzen ari diren alderdiak Estatutu berri horren hitzaurreak izan beharko lukeen edukirako proposamenak zehazten ari dira. EAJk, esaterako, hitzaurrean "Euskal Herria" zazpi lurraldetan finkatutako herria dela jasotzea proposatu du. Halaber, "herri bat" dela jasotzea eta "izaera konfederala" duen Estatuarekin "aldebiko" harremana izatea proposatu dute jeltzaleek.
Bihar, Autogobernuaren Lantaldeak bilera egingo du Legebiltzarrean. Jaurlaritzaren bazkide diren EAJren eta PSE-EEren jarrerak urrun samar daude.
EAJren arabera, Euskal Herria nortasun propioa duen herria dela dio eta erabakitzeko eskubideari ematen dio leku handia.
PSE-EEk, bere aldetik, edozein aldaketa legearen baitan egin behar dela berretsi du.
Itun politiko berriaren atarikoak EAJrentzat 9 kontzeptu jaso beharko lituzke. Hasteko, Euskal Herriaren definizioa, nortasun propioa duen herria dio, instituzionalki 3 eremutan banatuta dagoena, elkarte politiko bereko zentzua ematen dioten hizkuntzarekin (euskara) eta kultura propioarekin.
Gernikako Estatutuaren balioa azpimarratzearekin batera, horren betetze maila beste akordio eta aldagaietatik kanpo geratu behar dela dio ondoren, eta gaur egun itun politiko berria behar dela, eskubide historikoetan aurrera eginaz, autogobernua blindatuz, Estatuarekin aldebiko harreman eredu berri batekin eta erabakitzeko eskubidea, oinarri demokratiko gisa jasota.
Ondoren, 5 izen ere proposatzen ditu subjektu juridiko politiko berrirako, eta azken 100 urteetan euskal gizarteak jasan duen biolentzia politikoa aipatzen du: Gerra Zibila, Frankoren diktadura, ETAren indarkeria eta legez kanpoko kontraterrorismoak.
Atzo arratsaldean helarazi zien EAJk testua alderdi politikoei, eta gaur Idoia Mendia sozialistak esan du Juan Jose Ibarretxek bere garaian aurkeztutako proiektuaren antz handia duela, eta badakitela nola bukatu zuen. Hala ere, aukera ikusten du erreforma legezkoa eta bideragarria adosteko legealdi honetan.
Sozialisten proposamenak legea duela ardatz azpimarratu du buruzagi sozialistak, orain astero biltzeko konpromisoa hartuta, bihar arratsaldeko lauretan elkartuko da Autogobernuaren Lantaldea Legebiltzarrean.
Horrela, Lehendakaritzan, Josu Erkoreka Jaurlaritzako bozeramaileak ez du jarrera ezkorra agertu nahi izan. Puntu hauek guztiak (14) EAJren eta PSE-EEren arteko Gobernu itunean jasota daudela esan du, alderdiek Autogobernu Lantaldean eztabaida dezaten.