Politika -
Aurrekontuak
Aurrekontuen aurreakordioa 'pentsiodunentzat positiboa' dela uste du Urkulluk
EH Bildu, Gobernuarekin akordioa sinatuta 'marra gorriak' atzean itzi izana aurpegiratu dio EAJri, baina lehendakariarentzat, hitzarmenak Legebiltzarrak eskatutako igoera 'betetzen' du.
Agentziak | Erredakzioa
Iñigo Urkulluk Espainiako Gobernua eta EAJren arteko akordioa pentsiodunentzat eta euskal herritarrentzat positiboa dela uste du, baina gogoratu du "aurreakordioa" dela, aurrekontuen proiektuaren tramitazioa baino ez duelako ahalbidetu.
Lehenengo aldiz hitz egin du lehendakariak hitzarmenaz. Estatuko Aurrekontu Orokorren Lege proiektuei oposizioak aurkeztutako osoko zuzenketak atzera botatzea ahalbidetu du akordioak.
Eusko Jaurlaritzaren kontrol saioan, EH Bilduko Maddalen Iriartek 155. artikularen aplikazioari jarritako "marra gorriak" atzean utzi izana aurpegiratu dio EAJri.
"PPri arnasari eman diote berrito, eta PPri arnasa ematea herritarrak itotzea da", deitoratu du Iriartek.
Urkulluk gogoratu duenez, aurrekontuen negoziazioa EAJri dagokio, eta ez Eusko Jaurlaritzari. Beraz, egin dezakeen "bakarra" iritzia ematea da, eta zentzu horretan, "pentsiodunentzat positiboa" dela eta Eusko Legebiltzarrak eskatutako igoera "betetzen" duela esan du.
"Beste hitzarmenak egon daitezke, baina momentuz hauek dira euskal herritarrentzat onuragarriak. Esan ahal zenidake non dagoen arazoa? Esan ahal zenidake zein den zure alternatiba? Alternatiba al da legealdia bukatzea, ezegonkortasuna, hauteskundeak, eta...?", erantzun du Urkulluk.