Politika -

Estatuko Aurrekontu Orokorrak

2018an erretiro-pentsioen % 1,6ko igoera adostu du EAJk Rajoyren Gobernuarekin

EAJk Estatuko Aurrekontu Orokorren tramitazioa babestuko duela iragarri du, Espainiako Gobernuarekin erretiro-pentsioen inguruan akordioa adostu ostean.

Diputatuen Kongresuko korridoreak. EFE.
Erretiro-pentsioen % 1,6ko igoera adostu du EAJk Rajoyren Gobernuarekin

1:23

Agentziak | erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

EAJk erretiro-pentsioen inguruan akordioa sinatu du Espainiako Gobernuarekin, 2018an % 1,6 eta 2019an KPIren arabera igotzeko. Bestalde, iraunkortasun faktorearen (pentsioaren kalkulua egiteko bizi itxaropena ere aintzat hartzen duen faktorea) erabilera 2023ra arte atzeratzea adostu dute.

Estatuko Aurrekontu Orokorren inguruko lehen eztabaida egunaren ostean, jeltzaleek erretiro-pentsioen igoeraren inguruan akordio hori sinatu dutela jakinarazi du Aitor Esteban EAJko bozeramaileak asteazken honetan.

Bestalde, erretiro-pentsioak arautzeko oinarria 2018an % 56raino, eta 2019an % 60raino igotzea adostu dute. Gutxieneko erretiro-pentsioetan, berriz, aurreikusitako % 3ko hobekuntza mantentzen da.

Estevanek azaldu duenez, Mariano Rajoy Espainiako presidentea eta Andoni Ortuzar EAJko bozeramailea Kongresuan atzo izandako bileran, pentsiodunen aldarrikapenak aintzat hartzeko eskatu zion Ortuzarrek Rajoyri.

EAJ Espainiako Gobernuarekin elkartu eta, bihar (osteguna), ez dituzte 2018ko Aurrekontuei egindako sei osoko zuzenketak onartuko; beraz, kontu publikoen bideratze parlamentarioak aurrera jarraituko du.

Jeltzaleen botoak PPren, Ciudadanosen, Kanariar Koalizioaren, Foro Asturiasen eta UPNren botoei batuko dira PSOEk, Podemosek, PDeCATek, Compromisek eta EH Bilduk aurkeztutako zuzenketak bertan behera uzteko.

Antza, ekimenek aldeko zein kontrako boto kopuru bera (176 boto) jasoko dute bihar, eta berdinketa tekniko horren aurrean, hirugarren botazioan zuzenketa horiek bertan behera geldituko dira eta Aurrekontuak aurrera aterako dira.

Bestalde, Estebanek jakinarazi duenez, Katalunian Gobernua osatu bezain laster 155. artikulua bertan behera gelditzeko konpromiso "sendoa" helarazi dio Rajoyk Ortuzarri. Ildo horretan, Katalunian elkarrizketa garai berri bat abiatzeko beharra azpimarratu dio Rajoyk Ortuzarri.

 

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika EAJ-PNV Mariano Rajoy Ekonomia Albisteak Pentsioak