Politika -
KATALUNIA
Belgikak informazioa eskatu dio Espainiari, estradizio eskaeren inguruan erabakitzeko
Kargugabetutako Kataluniako hiru kontseilari ohiren estradizioa aztertzeko ikustaldia maiatzaren 16ra arte atzeratu du auzitegiak.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Meritxell Serret, Toni Comin eta Lluis Puig Kataluniako kontseilari kargugabetuen estradizio eskaeren inguruan erabaki behar duen Belgikako Lehen Auzialdiko Epaitegiak informazio gehigarria eskatu dio Espainiari. Hori dela eta, maiatzaren 16ra arte atzeratu du ahozko ikustaldia.
Paul Bekaert hiru politikarien abokatuak iragarri du albistea hedabideen aurrean. "Auzia maiatzaren 16ra arte atzeratu da. Fiskaltzak ez du oraindik errekerimendua egin. Atzeratu egin da Fiskaltzak Espainiari informazio gehigarria eskatu diolako eta defentsak auzia prestatzeko denbora gehiago nahi duelako", azaldu du abokatuak.
Comin, Serret eta Puig 09:00ak baino pixka bat lehenago iritsi dira Bruselako Lehen Auzialdiko Epaitegira, gaur egitekoa zen entzunaldian parte hartzera.
Abokatuaren esanetan, Alemaniako epaileak Carles Puigdemont presidentearen inguruan hartutako erabakia "partzialki positiboa da, ez baitu matxinada delitua onartu estradiziorako arrazoi gisa".
Euroaginduen inguruko prozeduraren arabera, behin estradizio eskaerari buruzko ikustaldia egiten denean Bruselako Lehen Auzialdiko Epaitegiak 15 eguneko epea izango du hiru kontseilari ohiak espainiaratu egiten dituen ala ez erabakitzeko. Ondoren aldeek helegitea aurkeztu ahal izango dute Apelazioko Auzitegian lehenik eta Kasazio Auzitegian, gero. Biek ala biek 15 eguneko epea izango dute erabakitzeko.
Bestalde, euroagindua duten pertsonak atxilotzen dituztenetik 60 eguneko tartea dute herrialdeek erabakitzeko, baina epe hori 90 egunera arte ere luza daiteke ezohiko baldintzetan.
Toni Comin, Lluis Puig eta Meritxell Serret kontseilari ohiak martxoaren 26an aurkeztu ziren aurkeztu ziren Belgikako epailearen aurrean eta fidantzarik gabe baina kautelazko neurriekin aske utzi zituzten. Libre utzi arren, Belgikako Justiziak zenbait baldintza ezarri zizkien hiru politikari katalanei: Belgikatik ez ateratzea, herrialde horretan bizileku finko bat izatea eta epaileak deitzean deklaratzera joatea.