Politika -
MADRIL
Pablo Casadok klasera joan gabe eta azterketarik egin gabe gainditu zuen masterra
Cristina Cifuentesen inguruan sortutako polemikaren ostean, Juan Carlos Erregea Unibertsitateak barne ikerketa hasi du eta beste ikastaro batzuetara zabaldu du.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Pablo Casado PPko Komunikazio idazkariak Juan Carlos Erregea Unibertsitatean egindako masterraz gaur esan duenez, unibertsitateak ez zion eskatu klasera joatea, ezta azterketak egitea ere titulua lortzeko. Cristina Cifuentes Madrilgo erkidegoko presidenteak master hori bera egin zuen.
Atzo bertan Juan Carlos Erregea Unibertsitateak (URJC) jakinarazi zuenez, Cristina Cifuentesen masterraren harira martxoaren 21ean abiatu zuten barne ikerketa beste ikastaro batzuetara zabaldu du, Pablo Casadorena argitzeko, kasu.
Onda Cero irrati kateari eskainitako elkarrizketan ziurtatu duenez, berea ikerketara sarbidea izateko ikastaro bat zen, "hori da bilatzen nuena". Antzinako doktoretza ikastaroekin parekatu du.
"Formakuntza hori ikerketara bideratuta dagoela dioen liburuxka ere gordeta daukat, eta unibertsitatea Bolonia eredura egokitzen ari dela azaltzen du", esan du. Casadok azpimarratu duenez, "gauza asko" ditu gordeta, eta kazetariak deitu ditu ikastaroa amaitutakoan aurkeztu zuen Ibilbide Amaierako Lana eta ildo horretan egin zituen beste hainbat ikerketa-lan erakusteko.
PPko buruzagiaren esanetan, ez zuen "mesede traturik" jaso bere formakuntza prozesuan: "Ni zuzendaritzan posturik ez zuen 26 urteko gazte bat nintzen. Inor ezagutu gabe joan nintzen masterrera, pertsona anonimo gisa".
Horrelako kontuetan nahasita egotea inori ez zaiola gustatzen nabarmendu ostean, tratu berezirik ez zuela eskatu nabarmendu du.
Juan Carlos Erregea Unibertsitatea "bikaina" delako eta bere etxetik "oso gertu" zegoelako aukeratu zuela gaineratu du.
Bestalde, azalpenak ematea "ona" dela eta unibertsitateak abiatutako ikerketa "errespetatu" egiten duela esan du, "unibertsitatearen izen onari kalte ez egitea funtsezkoa baita".