Politika -

AGERRALDIA ALEMANIAN

Sanchezen hautagaitza errespetatzeko eskatu dio Puigdemontek Espainiako Gobernuari

"Estrategia aldaketa" eskatu dio Kataluniako presidente ohiak Espainiako Gobernuari, "politikoa den arazo bat politikoki konpontzeko". Berlinen, komunikabideen aurrean, hitz egin du eguerdian.

Carles Puigdemont Berlinen, kazetariei erantzuten. Argazkia: EiTB
Carles Puigdemont Berlinen, kazetariei erantzuten. Argazkia: EiTB
Espainiak Jordi Sanchezen inbestidura baimendu behar duela dio Puigdemontek

1:45

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Carles Puigdemont Kataluniako presidente ohiak "jarrera aldatzeko", Kataluniako gatazka "bide politikoen bidez konpontzeko", eta Jordi Sanchez JxCateko 'bigarrenak' Generalitateko presidente izateko duen eskubidea errespetatzeko eskatu dio Espainiako Gobernuari.

Berlinen emandako prentsaurrekoan, Generalitateko buru izateko hiru hautagaiek kartzelan amaitu dutela nabarmendu du. Horren aurrean, "politikoa den arazo bat politikaren bidez konpondu" behar dela nabarmendu du, eta horretarako, Parlamentuan eskuhartzeari "uzteko" eta "estrategia aldatzeko" eskatu dio Espainiako Gobernuari.

Jordi Sanchezek, Madrilgo Soto del Realeko kartzelan egon arren, "eskubide guztiak indarrean" dituela esan du Puigdemontek, eta beraz, "presidente hautatua" izan daitekeela nabarmendu du. Ildo horretan, Nazio Batuen Giza Eskubideen Batzordeak Sanchezen eskubide politikoak errespetatzeko eskatuz Espainiari egindako ohartarazpena gogorarazi du. Sanchezen hautagaitzak presidente izateko behar dituen babesak izango dituela ere esan du.

Espainiako Gobernuari "jarrera aldatzeko" eta "Zuzenbide Estatu baten moduan jokatzeko" eskatu dio Puigdemontek, eta NBEaren erresoluzio hori nazioarte mailako irudia indartzeko erabil dezakeela ere esan dio.

Orain arteko jokaerarekin inbestidura oztopatzea leporatu dio Estatuari: "Bulegoen eta kartzelen bidez lortu nahi dute hautetsontzietan lortu ez zutena".

Ez dio uko egiten bere eserlekuari

Generalitateko presidente ohiak iragarri du, gainera, ez duela Kataluniako Parlamentuan duen eserlekuari uko egiteko asmorik: "ez daukat zertan diputatu akta utzi, Kataluniako herritarrek aukeratu ninduten, eta nire eskubide guztiak indarrean ditut", eta NBEen aurrean bere eskubide politikoak defendatzeko eskaria aurkeztua duela ere gogorarazi du.

Generalitateko presidente izateko hautagaitza aurkezteko asmorik ba ote duen galdetuta, orain Sanchezen inbestidura beste aukerarik ez duela ikusten erantzun du, baina ez diola ezeri uko egiten.

Bestalde, Katalunian bizi duten gatazka konpontzeko nazioarteko bitartekaritza beharrezkoa dela ere gaineratu du. Gatazka hau "politikoa baita, eta ez judiziala".

Puigdemontek azaldu duenez, Berlinen biziko da Alemaniako Justiziak Espainiara estraditatu edo ez erabaki bitartean. Eta ondoren, berriz ere Belgikara itzultzea da bere asmoa, "Errepublikako Gobernua erbestean" eraikitzeko.

Ez duela Alemaniako politikan eskuhartu nahi ere esan du, baina Kataluniako auziak nazioarteko bitartekaritza behar duela berretsi du: "Espainia ez den beste herrialde baten edo nazioarteko erakunderen baten laguntza behar da".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Katalunia gaur Politika Alemania Eguneko albisteak Eguneko albisteak Pere Aragonès albisteak