Politika -

MADRIL

Errektorearen aginduz Cifuentesen masterreko akta berreraiki zuela dio zuzendariak

Juan Carlos Erregea Unibertsitateko errektoreak prentsaurrekoa eskainiko du 13:30ean Fiskaltzak ikerketa penala abiatu duela-eta.

Cristina Cifuentes Madrilgo Asanblean. Irudia: FORTA
Cristina Cifuentes Madrilgo Asanblean. Irudia: FORTA
Cristina Cifuentes Madrilgo Asanblean. Irudia: FORTA

AGENTZIAK

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Cristina Cifuentes Madrilgo erkidegoko presidentearen masterraren inguruko korapiloak hazten jarraitzen du. Enrique Alvarez Conde masterreko zuzendariak ostiral honetan onartu duenez, Juan Carlos Erregea Unibertsitateko errektoreak aginduta, Cristina Cifuentesen Master Amaierako Lana epaitzeko epaimahaiak ustez egin zuen akta berreraiki zuen martxoaren 21ean.

Enrique Alvarez Condek bere errua aitortu du, haren esanetan, errektoreari kasu egin eta akta berreraiki zuelako.

Onda Cero irrati kateari eskainitako elkarrizketan azaldu duenez, eldiario.es agerkari digitalak Cristina Cifuentesen masterraren kontua argitaratu zuenean Javier Ramos Juan Carlos Erregea Unibertsitateko errektoreak prentsaurrekoan parte hartzera deitu zuen.

"Une horretatik aurrera, jende askok parte hartu zuen bilera bat egin zen eta bertan parte hartu zutenak ongi identifikatuta ditut. Errektoreak lana badagoen galdetu zuen. Nik ez nuela erantzun zion eta araudiak bi urtera denak suntsitu behar direla dioela esan nion. Beraz, ez nuela esan nion", adierazi du.

"Errektoreak esan zidan dokumentua aurkitu behar zela, dokumentua sortu behar zela, literalki. Nire erantzukizun instituzionalagatik kasu egin nion eta akta hipotetiko hori berreraikitzen saiatu nintzen. Gero, arratsaldean, akta bidali nien errektoreari eta prentsa gabineteko zuzendariordeari gmail kontuaren bitartez, hala eskatu zidatelako", nabarmendu du.

Bestalde, Juan Carlos Erregea Unibertsitateko errektoreak prentsaurrekoa eskainiko du 13:30ean Fiskaltzak ikerketa penala abiatu duela-eta.

Epaimahaiaren inguruan galdetuta, masterreko zuzendariak azpimarratu du egon zela, baina ez dakiela Cifuentes bertan egon zen ala ez. Gaineratu duenez, Cifuentesen Master Amaierako Lanak 50 orrialde inguru zituen eta aurreko asteetan zuzentzen joan zen, baina ez zuen inoiz behin betiko bertsioa irakurri.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika albisteak Albisteak Alderdi Popularra Espainia albisteak Eguneko albisteak Gaurko azken orduko albistea Madrilgo gertakizunak