Politika -
KATALUNIA
JxCat Puigdemont 'egiazko' presidente izendatzeko aukerak aztertzen ari da
Bere taldea aukera hori aztertzen ari dela adierazi du Elsa Artadi Junts per Catalunyako bozeramaileak.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Elsa Artadi Junts per Catalunyako (JxCat) bozeramaileak gaur azaldu duenez, haren talde parlamentarioa Carles Puigdemont "egiazko" presidente izendatzeko (ez era sinbolikoan) aukerak aztertzen ari da.
Atzo, CUPek Kataluniako Parlamentuko Mahaian sartzeko bere burua eskaini zuen, Carles Puigdemonten balizko inbestidura "errazteko". Alemaniako Poliziak Carles Puigdemont Generalitateko presidente kargugabetua atxilotu zuen atzo, Danimarkako muga zeharkatu eta berehala. Gaur, Elsa Artadik atea ireki dio Puigdemonten balizko inbestidurari.
"Dauzkagun elementuekin Puigdemont presidente nola egin dezakegun aztertu behar dugu. Ez presidente sinboliko soilik, egiazko presidente baizik", adierazi du TV3 telebista kateari eskainitako elkarrizketan.
Artadiren esanetan, orain "elementu berriak" daude mahai gainean, eta Nazio Batuen Giza Eskubideen Batzordeak Estatu espainiarrari egindako eskaria aipatu du. Izan ere, Jordi Sanchezek bere eskubide politikoak gauzatu ahal izateko neurriak eskatu dizkio Espainiari, Sanchezek abokatuak martxoaren 21ean jarritako salaketa ebatzi zain.
JxCateko bozeramailearen hitzetan, JxCateko bigarrena zenaren inguruan hartutako erabakia Parlamentuko gainerako diputatuei estrapolatu daiteke, Puigdemont barne.
"Puigdemont presidentea da JxCaten hautagaia, beti izan da", azpimarratu du. Gaineratu duenez, "beti" izango da Junts per Catalunyaren presidentegaia. Altadik azaldu duenez, Puigdemontek behin-behinean egin zion uko inbestidurari kargurako Sanchez proposatu zuenean.