Politika -
AGIRIA
EPPK-k torturak 'kutsatutako' prozedura judizialak baliorik gabe uzteko eskatu du
Euskal Preso Politikoen Kolektiboak azken urteotan torturak eragindako ondorio guztiak konponbidean jartzea eskatu du, bai fisikoak, bai psikologikoak eta baita penalak ere.
eitb.eus
EPPK Euskal Preso Politikoen Kolektiboak torturak eragindako ondorio guztiak konponbidean jartzea eskatu du, "bai fisikoak, bai psikologikoak eta baita penalak ere".
EPPKk salatu du Guardia Zibilak, Polizia Nazionalak eta Ertzaintzak tortura modu sistematikoan erabili dutela eta ez ETAko kideen kontra bakarrik: "Tortura ez da izan tresna selektibo bat, ikerketek erakusten duten bezala, aipatu indar armatuek herritar ororen aurka erabili izan dute". "Izua zabaltzeko" erabili dutela ere zehaztu du presoen kolektiboak igande honetan Berria eta Gara egunkarietara bidalitako agirian.
Presoen Kolektiboaren arabera, bere kide gehienak torturatuak izan dira eta espetxeetan ere torturarekin pareka daitekeen "egoera gizagabean" mantentzen dituztela nabarmendu dute.
Egoera horretan, torturak jasan dituzten presoek ez dutela kalte psikologikoei aurre egiteko laguntzarik jaso salatu dute, eta batzuk ezin izan dituztela ondorioak gainditu.
Horregatik, eskaera zuzena egin dute: "torturak eragindako ondorio guztiak konponbidean jartzea, bai fisikoak, bai psikologikoak eta baita penalak ere" . "Ohartarazi nahi dugu, norberak jasandako kalte fisiko eta psikologikoaz gain, torturaren ondorioak penalak ere badirela. Torturatzaile eta epaileen arteko ezinbesteko kolaborazioa egon delako preso politiko askori espetxe zigorra ezartzeko. Horregatik, eskuliburu juridikoek tortura kasuetarako esaten dutena aplikatzea eskatzen dugu: torturaz nola edo hala kutsaturik dauden prozedura judizial guztiak balio gabe gera daitezela" adierazi du EPPKk.