Politika -

Katalunia

Katalunian 'zentzua eta zuhurtzia' berreskuratzea eskatu du Eusko Jaurlaritzak

Josu Erkoreka Exekutiboko bozeramaileak ohartarazi duenez, espetxeratzeek ez dute ‘inolako arazorik konponduko’ gatazkaren jatorria politikoa baita.

Josu Erkoreka, Eusko Jaurlaritzako bozeramailea. EiTB
Josu Erkoreka, Eusko Jaurlaritzako bozeramailea. EiTB
Josu Erkoreka, Eusko Jaurlaritzako bozeramailea. EiTB

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Katalunian "zentzua eta zuhurtzia" berreskuratzea eskatu du gaur goizean Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak. Horrez gain, "epaitegietako bidea" alde batera uztea aldarrikatu du, "arazoak areagotu baino ez duelako egingo". Hala, negoziazio mahai politiko baten alde agertu da.

Jordi Turull Generalitateko presidentetzarako hautagaia, Raul Romeva, Josep Rull eta Dolors Bassa, kontseilari ohiak eta Carme Forcadell Kataluniako Parlamentuko presidente ohia kartzelaratzeko Auzitegi Gorenak ostiralean hartutako erabakiak Katalunian sortutako egoeraz hitz egin du Erkorekak gaur goizean Lemoan (Bizkaia), Gerra Zibileean hildako soldadu bat lurpetik ateratzeko lanetan.

Erkorekak elkartasuna helarazi die ostiralean "Kataluniako gatazka politikoaren testuinguruan espetxeratutakoei". Halaber, "bakea nahi duten pertsona onak" direla azpimarratu du, elkarbizitza demokratikoa mantentzeaz gain, inolako zailtasunik gabe aniztasuna errespetatzeko gai" direla nabarmenduta.

Horrenbestez, "ez dutela inondik inora kartzelara" joatea merezi defendatu du, ez "orokorrean, ezta indarkeria fisikoarekin hainbesteko zerikusia duten matxinada delituak" leporatuta.

Era berean, "oso kezkatuta" agertu da Jaurlaritzako bozeramailea, "orain dela gutxi hauteskunde aske bidez hautatutako ordezkari politikoak espetxeratzea beharrezkoa ez den neurri gogorra zein gehiegizkoa" delako.

Hortaz, "zentzua eta zuhurtzia" berreskuratzeko eta berrezartzeko deia egitea premiazkoa dela ondorioztatu du Erkorekak, "gaia arlo penaleko epaileen eskuetatik atera eta Kataluniaren eta Espainiaren arteko elkarbizitza politikoa negoziazio mahai politikora eramateko".

Kataluniako gizartea

Bestalde, ordezkari jeltzalearen esanetan, "oker daude atzoko erabaki judizialaren ondoren Kataluniako gizartea demokrazia espainiarretik gertuago dagoela edo horren kalitatea hobetzat jotzen dutela pentsatzen dutenak".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Katalunia albisteak Eusko Jaurlaritza Gaurko azken ordukoa