Politika -
KATALUNIA
Junquerasek presidentetza bikoitza proposatu du: sinbolikoa eta eraginkorra
Roger Torrent Kataluniako Parlamentuko presidenteak inbestidura saioa atzeratu bazuen ere, Carles Puigdemonten hautagaitza defendatu du Oriol Junquerasek.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Oriol Junqueras ERCko diputatu eta buruzagiak Generalitateko bi presidentetza izatea proposatu du: bata, sinbolikoa; bestea, eraginkorra. Carles Puigdemont (Junts per Catalunya) presidentegaia defendatu du, baina egungo egoeraren aurrean aukera hori mahai gainean jarri behar dela uste du Junquerasek.
Estremerako kartzelatik Diario16.com hedabideari eskainitako elkarrizketan, Puigdemonten hautagaitza babestu du: "Parlamentuak diputatu hautatu bat presidente izendatu ote dezakeen, hortxe dago koxka".
Hala ere, ERCko buruaren esanetan, egungo testuinguruaren ondorioz, Generalitateko presidentetza birpentsatu behar da: "Litekeena da egoerak presidentetza hori eraginkorra izatea eragoztea eta, beraz, presidentetza legitimo eta sinbolikoa presidentetza eraginkorrarekin uztartzea".
Estremerako kartzelatik presidentea izaterik duen galdetu diotenean (2017ko azaroaren 2tik dago bertan), onartu du hori Bruselatik presidentea izatea bezain zaila dela: "Espetxeak muga asko ditu. Gauza berdina izango litzateke", zehaztu du.
Junquerasek nabarmendu du errespetatzen dituela Puigdemonten iritziak; hala ere, esan duenez, batzuetan ikuspegi desberdinak dituzte biek. Dena den, ez du polemikarik nahi: "Autoan batzuetan egiten denez", alderatu du, "batzuetan argi luzeak jarri behar dira; izan ere, argi laburrek ez dizute uzten ibilbidea eta hodeiertza behar bezala ikusten".
ERCko liderrak, hortaz, hala hitz egin du Katalunian dagoen eztabaidaren gainean, alegia, Puigdemonten inbestiduraz; ERCk eta JxCatek berretsi dute Puigdemont dela hautagaia, Estatuaren ohartarazpenak gorabehera, baina Torrentek inbestidura hori gauzatzekoa zen saioa atzeratu zuten asteartean.