Politika -
Katalunia
Torrent: 'Puigdemont da presidentegaia eta hala izaten jarraituko du'
Parlamentuko buruak berretsi duenez, "ezein auzitegik" ezin du erabaki nor izango den Kataluniako presidente berria.
Agentziak | Erredakzioa
Roger Torrent Kataluniako Parlamentuko presidenteak nabarmendu du Carles Puigdemont (JxCat) dela Presidentetzarako hautagaia eta hala izaten jarraituko duela aurrerantzean ere. Hori bai, inbestidura saioa "eraginkorra" izateko baldintzak daudenean bakarrik deituko duela esan du.
Rac1 irrati katean egin dioten elkarrizketan azpimarratu du Puigdemonten eskubideak defendatzeko lanean ez duela atzera egingo "ezta milimetro bat ere". Torrenten hitzetan, "inbestidura eraginkorra izateko eta Puigdemonten eskubideak babesteko formula bat topatzeko lanean ari gara". Urtarrilaren 31n bukatu zen inbestidura saioa egiteko epea, eta Torrent Ganberako zerbitzu juridikoen txosten baten zain dago, hurrengo pausoak emateko.
Berretsi duenez, "ezein auzitegik" ezin du erabaki nor izango den Kataluniako presidente berria. "Saioa Puigdemonten eskubideak bermatzeko modua dugunean egingo dugu, inbestidura eraginkorra izango dela baieztatzerik dugunean", azaldu du.
Halaber, egunotan esandakoa azpimarratu du: "Carles Puigdemont da Generalitateko presidentegaia, eta hala izaten jarraituko du".
Puigdemonten mezuak
JxCateko hautagaiaren kontra aritzeko ERCren eta Espainiako Estatuaren arteko itunik dagoen galdetuta, Torrentek bere alderdiaren (ERC) ibilbidea gorarazi eta Oriol Junqueras buruzagia kartzelan dagoela nabarmendu du. "Ez naiz iradokizun immoraletan sartuko", erantsi du.
Filtratu diren Puigdemonten eta Cominen arteko mezuez galdetuta, Torrentek ez du adierazpenik egin nahi izan, "arlo pribatukoak" direla argudiatuta.