Politika -
Katalunia
Konstituzionala Puigdemonten alegazioak aztertzeko bilduko da astearte honetan
Puigdemontek eta Junts per Catalunyako (JxCat) diputatu hautetsiek aurkeztutako alegazioak aztertzeko osoko bilkura 13:00etan hasiko da.
Agentziak | Erredakzioa
Carles Puigdemont bertan egon eta baimen judizialik ezean, Kataluniako inbestidura saioa bertan behera utzi zuen Auzitegi Konstituzionalak. Erabaki hori eraginik gabe uztea eskatu dio orain Puigdemontek berak Konstituzionalari. Eskaera aztertzeko astearte honetan bilduko da Auzitegia.
Auzitegi Konstituzionalak agiri batean jakitera eman duenez, Puigdemontek eta Junts per Catalunyako (JxCat) diputatu hautetsiek aurkeztutako alegazioak aztertzeko osoko bilkura 13:00etan hasiko da.
Ebazpeneko baldintzak betetzen ez baldin badira Puigdemont Generalitateko presidente izendatzeko saioa bertan behera uztea erabaki zuen Konstituzionalak. Erabaki hori eraginik gabe uztea eskatu du Puigdemontek idatzi batean.
Estatuko Abokatutza eta Parlamenta
Bestalde, Estatuko Abokatutzari eta Parlamentari alegazioak aurkezteko epea eman die Konstituzionalak. Epe hori astearte honetan, 11:00etan, amaitzen da.
Espainiako Gobernuak aurkeztutako helegiteari erantzun zion Konstituzionalak iragan larunbatean. Ganberan ez baldin badago Puigdemont Generalitateko presidente izendatzerik ez dagoela ebatzi zuen Auzitegiak;honenbestez, eztabaidan eta bozketan bide telematikoak erabiltzea edo parlamentariak ordezkatzea debekatu zuen Konstituzionalak.
Era berean, “nahiz eta Ganberan pertsonalki azaldu, baimen judizialik gabeko inbestidura” debekatu zuen Auzitegiak, “bilatzeko eta atxilotzeko, eta espetxeratzeko agindu judizial bat indarrean baldin badago”.
JxCaten eta Puigdemonten alegazioak
JxCateko diputatuen hitzetan, neurriek “oinarrizko eskubideak urratzen” dituzte, aldeek eskatu ez dituztelako. Gainera, helegitean azaldu dutenez, “Parlamentaren autonomia” zein Kataluniako Ganberako “Mahaiaren eskumen esklusiboa” urratzen dituzte.
Bestalde, presidente izendatzeko baimen judizialik behar ez duela argudiatu du Puigdemontek Auzitegi Gorenaren aurrean; ondorioz, diputatu gisa dituen eskubide guztiak erabili ditzake.
Gainera, Puigdemontek Roger Torrent Parlamenteko presidenteari gutun bat bidali dio, “babes” eta “Parlamentaren eskubideak eta eskumenak babesteko beharrezko neurriak” hartzea eskatzeko.
Puigdemonten inbestidura saiorako deialdia astearte honetarako mantendu du Torrentek.