Politika -

Katalunia

Espainiako Gobernuak Puigdemonten hautagaitzaren kontrako helegitea aurkeztu du

Hala iragarri dute Espainiako presidenteordeak eta bozeramaileak. Ziur aski, Auzitegi Konstituzionalak bertan behera utziko du Puigdemonten hautagaitza.

Saenz de Santamaria eta Mendez de Vigo, gaurko prentsaurrekoan. EFE
Soraya Saenz de Santamaria eta Iñigo Mendez de Vigo. EFE
Espainiako Gobernuak aurrera egin nahi du Puigdemonten hautagaitzaren aurka

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Atzo iragarritakoa bete egin du Espainiako Gobernuak: Carles Puigdemont Kataluniako presidente izateko hautagaitzaren aurkako helegitea aurkeztea onartu du gaur Ministroen Kontseiluak Auzitegi Konstituzionalean. Hala iragarri dute Soraya Saenz de Santamaria Espainiako Gobernuko presidenteordeak eta Iñigo Mendez de Vigo bozeramaileak, bileraren ondotik; Konstituzionalak, hortaz, bertan behera utziko du, ziur aski, hurrengo asteartea baino lehen, Puigdemonten hautagaitza; ebazpena emango du, eta bertan, gainera, ohartaraziko die Mahaiko kideei men egin behar dutela.

Rajoyren Gobernuak, hortaz, aurrera jarraitzen du Roger Torrenten sinatutako hautagaiaren aurkako helegitea jartzeko asmoarekin. Estatu Kontseiluaren irizpidea bestelakoa da, baina; azken erakunde horrek egindako txostenaren arabera, ez da garaia Auzitegi Konstituzionalera joateko.

Helegitea aurkeztu arren, Espainiako Gobernuak erabateko errespetua agertu dio Estatu Kontseiluaren iritziari; hala adierazi du Espainiako Gobernuaren presidenteordeak.

Saenz de Santamariaren ustez helegite hori bide egokia da saihesteko "justiziatik ihes egindako norbaitek aukera izatea, legez kontra, inbestituta izateko, eta autonomia-gobernu baten buruan kokatzeko".

"Behar konstituzionala dugu; legeak gure esku uzten duen guztia egin behar dugu, legea urratua ez izateko", nabarmendu du Espainiako presidenteordeak. Haren iritziz, bere Gobernuak legezko argudioak ditu, oraindik ere, "aurrera jarraitzeko", eta Kataluniako herritarrentzako "beste irain bat saihesteko".

PSOEk helegiteari eusteko erabakiaren gainean erakutsitako zalantzei buruz galdetu diotenean, Espainiako presidenteordeak esan du bere Gobernuak alderdi batzuekin hitz egin zuela, eta horien babesa eskuratu zutela.

Efek kontsultatu dituen Auzitegi Konstituzionalaren iturrien arabera, hasiera batean epaile guztiak ez dira helegitea onartzearen aldekoak, ez behintzat helegitearen nondik norakoak ikusi arte (ostiral eguerdian, oraindik ez zegoen erregistratuta helegite hori).

Puigdemont: "Espainia isolatzen ari dira"

Bere aldetik, Carles Puigdemontek leporatu dio Mariano Rajoyren Gobernuari "Espainia isolatzea, duela 40 urte ere gertatzen zenez". Twitterren argitaratutako mezu batean, Puigdemontek hainbat prentsa-izenburu partekatu ditu, Espainiako Gobernuak mugetan eta Kataluniako Parlamentuaren inguruan zabalduta dituen zaintza-sistemen gainekoak; sistema horien helburua da saihestea Puigdemont urtarrilaren 30erako deituta dagoen inbestidura-saioan ez egotea.

"Beti esan izan digute, modu faltsu batean, mugak altxatu nahi ditugula; bada, azkenean, beraiek egin dute. Duela 40 urte ere gertatzen zen moduan; Europatik isolatuta, bai lehorretik, bai itsasotik baita airetik ere. Isolatuta, fisikoki, juridikoki eta demokratikoki. Herri-nahiari dioten beldurra da", salatu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Katalunia gaur Berriak Politika Albisteak Alderdi Popularra Kataluniako erreferenduma gaur Espainiako Gobernua albisteak Espainia bideoak Alderdi politikoak Albisteak Kataluniako Hauteskundeak gaur Pere Aragonès argazkiak Espainiako Auzitegi Konstituzionala