Politika -

PRESOAK

Mixel Berhokoirigoin: 'Gerturatzeak taldeka izanen dira'

ETAren armagabetzeak Frantzian elkarrizketarako abagune berri bat sortu zuela nabarmendu du, 'urrats batek bestea' dakarrelako, haren iritzian.

Frantziako 19 espetxeetan dauden 61 preso gerturatuko dituzte

1:43

EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Frantzian dauden ETAko presoak Euskal Herrira gerturatuko dituztela zabaldu eta biharamonean, Mixel Berhokoirigoin 'bake artisauarekin' hitz egin du gaur ETBk, prozesuaren nondik norakoak ezagutzeko.

Luhusoko operazioaren ondotik etorri diren urratsak ekarri ditu gogora Berhokoirigoinek. ETAren armagabetzeak, elkarrizketarako abagune berri bat sortu zuela nabarmendu du, "urrats batek bestea" dakarrelako, haren iritzian. "Bake-bidea interaktiboa dela ulertzen dugu, bataren urratsak bestearena ekarriko duelako", esan du.

Azken hilabeteotan hiru bilera egin dituzte 'bake artisauek' Frantziako Gobernuko Justizia Ministerioko arduradunekin, eta telefono bidezko harremana ere etengabea izan da.  "Hasieratik presoen gaia bideratzeko borondatea bazela sentitzen genuen. Garbi geneukan Ministerio berriak orain arte lo zeuden hainbat gauza aktibatu nahi zituela", gaineratu du.

Bake artisauak onartu du  abenduaren 27an egin zuten bileratik "sentimendu gazi-gozoarekin" atera zirela.  Izan ere, abendurako espero zuten presoen hurbilketaren albistea, baina prozedura administratiboak tarteko, ez zen posible izan. "Ulertzen dugu, halere, erabaki politikoak alde batetik doazela eta pozedura burokratikoak bestetik, bakoitzak behar du bere denbora", esan du.

Hurbilketak noiz eta nola egingo diren galdetuta, bake eragilea ziur agertu da ondorengo asteetan izango direla. Epe-mugarik ez dutela jarri mahai gainean esan du, baina "konfiantza osoa" dute prozesua ondo bideratuko duela Ministerioak.

Frantziako 19 espetxetan dauden 61 preso hurbilduko dituzte, eta, jada, egin dute gerturatzeko eskaria. Horiek banan-banan aztertuko ditu Justizia Ministerioak, eta bakoitzaren errealitatearen araberako erabakiak hartuko dira, lehentasunak ezarrita. Lannemezango eta Mont de Marsango espetxeetara egingo diren gerturatzeak, hori bai, taldeka egingo direla esan du.

Berhokoirigoinek berretsi du preso bakoitzaren errealitatea ezberdina izan arren, denentzat eskubide berberak aldarrikatu dituztela, eta alde horretatik ez dutela oposiziorik aurkitu Frantziako Gobernuarekin egindako batzarretan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Presoak argazkiak Frantzia berriak ETA Eguneko albisteak Gaurko azken orduko albistea