Politika -

KATALUNIA

Sanchez, Cuixart eta Fornek aldebakarreko bidea baztertu dute epailearen aurrean

Sanchezek esan duenez, ez zuen inoiz "indarkeria erabiltzeko deirik egin". Cuixartek legea betetzea defendatu du. Azkenik, ebazpen judizialak betetzeko oztoporik jarri ez zuela adierazi du Fornek.

Forn, Sanchez eta Cuixart espetxetik Auzitegi Gorenera eraman dituzte. Argazkia: EFE
Forn, Sanchez eta Cuixart espetxetik Auzitegi Gorenera eraman dituzte. Argazkia: EFE
Sanchezek eta Cuixartek aldebakarreko bidea baztertu dute

1:40

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Jordi Sanchez Kataluniako Asanblea Nazionaleko (ANC) presidente ohi eta Junts per Catalunyako (JxCat) diputatu hautatuak Pablo Llarena Auzitegi Goreneko epaileari esan dionez, ez zuen inoiz "indarkeria erabiltzeko deirik egin" Katalunian egindako mobilizazioetan, eta ez du uste aldebakarreko bidea denik independentzia lortzeko tresna.

Sanchez 09:50 aldera hasi da deklaratzen, eta bi ordu eta erdiz Fiskaltzak eta defentsek egindako galderei erantzuten jardun du. Herri akusazioaren (Vox alderdia) abokatuaren galderei erantzuteari muzin egin dio.

Guardia Zibila Generalitatearen Ekonomia Kontseilaritza miatzera eta atxiloketak egitera joan zenean izandako mobilizazioek hartu dute Sanchezen deklarazioaren zatirik handiena.

Azaldu duenez, ez berak ezta Cuixartek eta Lluis Llach diputatuak ere ez zuten "indarkeria erabiltzeko deirik egin". Are, bertaratutakoei etxera joateko eskatu zieten inguruan paratutako agertoki batetik. Ukatu du, era berean, Guardia Zibilaren autoen gainera igo izana.

Cuixartek legea betetzea eta bide baketsuak defendatu ditu

Bestalde, Jordi Cuixart Omniumeko presidenteak legea betetzea defendatu du, deklarazioan izan diren iturrien arabera. Epailearen aginduak sekula ez dituela urratu esan du Cuixartek. Aldebakarreko independentzia adierazpena sinbolikoa izan zela eta bide baketsuak defendatu ditu. Magistratuaren aurrean ordu eta erdi eman du Cuixartek.

Edozein indarkeriaren aurka beti agertu dela azaldu du Cuixartek. Politikaria ez dela, politikan parte hartu nahi ez duela, erantsi du. Estatua bortxatzea sekula nahi izan ez duela azpimarratu du, jendeak bere iritzia azaltzea baizik.

Independentzia lortzeko balio izango duen erreferendum bakarra Espainiako Gobernuak deituko duela onartu du. Orain arte erabilitako bideetatik independentzia ez dela lortuko zehaztu omen du.

Cuixarten ahotan, independentismoaren helburua orain legezko bideetatik akordioa lortzea da, legetik eta Konstituziotik at independentziara hurbiltzea ezinezkoa delako.

“Presidenteordetza Kontseilaritzan gertatutakoa demokraziaren aurkako eraso bat” izan zela uste du. Hala eta guztiz ere, “inork ez zigun esan legearen aurka egiten ari ginenik”, nabarmendu du.

Ebazpen judizialak betetzeko oztoporik jarri ez zuela esan du Fornek

Azkenik, Estatuarekin adostea beti defendatu izan duela azaldu du Joaquin Forn Generalitateko Barne kontseilari kargugabetuak magistratuaren aurrean, deklarazioan izan diren iturrien arabera. Konstituzioa bete duela erantsi du Fornek. Hala ere, ebazpen judizialak ez betetzeko Esquadra Mossoei oztopoak jartzeko agindua eman izana ukatu du kontseilari kargugabetuak.

Fornek bi ordu baino gehiago eman ditu epailearen aurrean, eta etorkizunean kontseilari kargurik hartuko ez duela iragarri du.

Bestalde, Estatuko segurtasun indarrak Kataluniara joateko moduak gatazkaren konponbide politikoari laguntzen ez ziola berretsi du Fornek, herritarrek "a por ellos" oihukatzen zuten gertaerari erreferentzia eginez.

Independentzia adierazpena bozkatu eta sinatu ez zuela gogorarazi du Fornek. Adierazpenak lege baliorik ez duela gaineratu du. Konstituzioa Estatuaren arau juridiko gorena dela onartu du kontseilari kargugabetuak. Jarduera politiko pertsonalean Konstituzioa beti errespetatuko duela agindu du Fornek epailearen aurrean. Horrela, prozesuak aldebakarreko bideari eutsiz gero, berak babestuko ez lukeela erantsi du.

Aske uztea eskatuko du defentsak

Akusatuek eurek eskatuta deklaratuko dute hirurek Pablo Llarena epailearen aurrean.

Goizeko lehen orduan eraman dituzte espetxetik Auzitegi Nazionaleko kalabozoetara eta handik Auzitegi Gorenera. Joaquim Forn Estremerako espetxean dago preso Oriol Junqueras Generalitateko presideteorde kargugabetu eta ERCko diputatu hautatuarekin batera. Sanchez eta Cuixart, ostera, Soto del Realeko kartzelan daude.

Forn, Sanchez eta Cuixartek leporatzen zaizkien delituen inguruko azalpenak eman nahi zituzten: matxinada, sedizioa eta diru publikoa bidegabe erabiltzea. Joaquim Forn azaroaren 2az geroztik dago preso eta sedizioa, matxinada eta diru publikoa bidegabe erabiltzea leporatzen diote. Sanchez eta Cuixart, ostera, urriaren 16an sartu zituzten kartzelan eta sedizioa egozten diete.

Joan den abenduaren 4ko autoan, hirurak espetxean mantentzea erabaki zuen Llarenak. Independentzia lortzeko konspirazioaren oinarrian kokatzen ditu epaileak, eta delitua berriz egiteko arriskua dagoela uste du magistratuak. Are gehiago, "indarkeria oldearekin" zuzenki lotzen ditu.

Kontzentrazioa Auzitegi Gorenaren atarian

PDeCAT, ERC eta Democrates alderdietako ordezkariek kontzentrazioa egingo dute 09:30etik aurrera Auzitegi Gorenaren atarian, hirurei babesa adierazteko.

PDeCATen aldetik, Marta Pascal alderdiko koordinatzaile nagusia eta Kongresuko eta Senatuko ordezkariak izango dira. Democratesen ordezkaritzaren buru, Antoni Castellak parte hartuko du.

Bestalde, ERCko diputatuak eta senatariak ere bertan izango dira, besteak beste, Joan Tarda, Ester Capella, Teresa Jorda, Jordi Salvador, Joan Capdevila, Xavier Eritja, Joan Oloriz, Mirella Cortes, Bernat Picornell, Quim Ayats, Laura Castel, Josep Rufa, Elisenda Perez eta Anna Azamar.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Katalunia Kataluniako erreferenduma gaur Auzitegi Gorena bideoak Albisteak Gaur Gaurko azken orduko albistea