Politika -

PRESOAK

Milaka lagunek sakabanaketarekin amaitzeko eskatu dute Bilbon

95.000 lagunek parte hartu dute Sare plataformak 'Elkarrekin aurrera egiteko prest gaude' lelopean giza eskubideen, konponbidearen eta bakearen alde egindako manifestazioan.

Manifestazioaren irudia, Bilbon. Argazkia: @sare_herritarra
Manifestazioaren irudia, Bilbon. Argazkia: @sare_herritarra
Frantzian preso daudenen hurbilketa ospatu du aurtengo martxak

1:14

EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Milaka lagunek hartu dute parte Bilbon, Sare plataforma herritarrak sakabanaketaren aurka eta presoen zein euren senideen eskubideen alde deitutako manifestazioan. Besteak beste, Sorturen, EH Bilduren, ELA eta LAB sindikatuen, zein Euskal Herriko Apaizen Koordinadoraren atxikimentua izan du manifestazioak.

"Elkarrekin aurrera egiteko prest gaude. Giza eskubideak, konponbidea, bakea" lelopean 95.000 lagun bildu dira Sareren esanetan, eta 70.000 lagun Bilboko Udaltzaingoaren arabera. Presoen eskubideen alde urtero urtarril hasieran egiten den manifestazioaren amaieran, Kike Amonarriz ETBko aurkezleak eta Beatriz Talegon PSOEko Komite Federaleko kide ohiak manifestua irakurri dute, Bilboko udaletxe aurrean.

Manifestazioaren buruan, pankartari helduz joan dira Talegon bera, Nahikari Otaegi preso ohia (haur txiki batekin sartu zen kartzelan), Peru del Hoyo iaz kartzelan hil zen Kepa del Hoyo presoaren semea; Asun Lasa, Jose Antonio Lasa GALeko biktimaren arreba, Iñaki Lasagabaster EHUko katedraduna, Anais Funosas Bake Bidea ekimeneko kidea eta Kirmen Uribe idazlea.

Eurekin izan dira Xavi Sanchez, Jordi Sanchez ANCko presidente kartzelaratuaren anaia, Jerome Glizes Parisko Udaleko Berdeen zinegotzia eta Ramon Zallo EHUko katedraduna ere.

PANKARTA SARE MANIFESTAZIOA BILBON 2018 ITURRIA: TWITTER SARE HERRITARRA

Manifestarien artean izan dira, besteak beste, Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaile orokorra, Maddalen Iriarte, Iker Casanova eta Pello Urizar legebiltzarkideak, Joan Tarda ERCren Kongresuko bozeramailea, David Fernandez CUPeko diputatu ohia, Arkaitz Rodriguez Sortuko idazkari nagusia, eta Adolfo Muñoz eta Garbiñe Aranburu ELA zein LABeko idazkari orokorrak.

Podemos Euskadiko ordezkaritza zabala ere izan da manifestazioan, Lander Martinez idazkari nagusia, Andeka Larrea Komunikazio idazkaria eta Nagua Alba diputatua.

JOAN TARDA PELLO URIZAR ITURRIA: TWITTER SARE HERRITARRA

La Casillatik udaletxera arteko ibilbidean etengabeak izan dira "Euskal presoak etxera" eta "Presoak kalera, amnistia osoa" gisako leloak.

Manifestazioaren amaieran, ia 100 haur igo dira udaletxeko eskaileretara, "motxilaren umeak" gisa ezagutzen diren presoen seme-alabak, alegia, eta testu bat irakurri dute, eta Maialen Lujanbio txapeldunak bertso batzuk bota ditu.

Sareren agiria

18:45ak aldera manifestazioa Bilboko Udaletxeraino heldu da, eta bertan Kike Amonarriz ETBko kazetariak eta Beatriz Talegon PSOEren Gazteriaren arduradun izandakoak agiria irakurri dute, euskaraz eta gaztelaniaz, hurrenez hurren.

"Bakea, justizia eta konponbidea nahi ditu Euskal Herriak", azpimarratu dute. Gainera, "gorrotoan eta mendekuan oinarritutako espetxe-politika ankerra" salatu dute.

"Eskerrik asko zuen elkartasuna eta konpromisoagatik, alderdi-ideologia alde batera utzita, duintasunaren eta eskubideen defentsa lehenetsi duzuelako. Horrela herrialdea eraikitzen da", adierazi dute. "Ez dugu atzerabiderik. Eta izatekotan, izan dadila indarra hartzeko, presoak etxeratzeko", amaitu dute.

Presoen alde Sarek deitutako martxaren agiria: 'Ez dugu atzerabiderik'
Presoen alde Sarek deitutako martxaren agiria: 'Ez dugu atzerabiderik'
Presoen alde Sarek deitutako martxaren agiria: 'Ez dugu atzerabiderik'

13:53

PRESOEN ALDEKO MARTXA BILBO SARE ITURRIA: TWITTER SARE HERRITARRA

Presoen hurbilketa Frantziako espetxeetatik Euskal Herritik gertukoetara

Ibilbidea hasi aurretik, EHBildu, ELA eta LABeko buruzagiek adierazpenak egin dituzte eta guztiek bat egin dute albiste positiboa dela gaur zabaldu dena: Frantziako Gobernua euskal presoak Euskal Herrira hurbiltzen hasiko dela, alegia.

Arnaldo Otegiren iritziz, "Hegoaldeko euskaldunok lezioa ikasi behar dugu Ipar Euskal Herritik. Alderdi politiko guztiak, Fronte Nazionala izan ezik, gai izan dira ados jartzeko eta interlokuzioa irekitzeko Frantziako Gobernuarekin. Horrek adibide izan behar luke, Hegoaldean ere alderdi politiko eta sindikatu guztiok gai izan beharko genuke ados jartzeko, ziur aski PP izan ezik, xantaiazko espetxe politikarekin amaitzeko eta gure presoen egoera arinduko lukeen bide orria zehazteko" esan du.

Adolfo Muñoz ELA sindikatuko buruak nabarmendu duenez, gaurko albistea Iparraldeko gizarte zibilaren eta kargu instituzionalaren elkarlanaren fruitu da: "Frantziako Gobernuarekin negoziatzeko gai izan dira eta Gobernua hori mugitu egingo da, Espainiak zer egin begira egon beharrean. Hori oso albiste ona da".

Garbiñe Aranburu LABeko buruak ere "Euskal herrian konplizitatean ehuten jarraitzeko" dei egin du, "PPren espetxe politika mugiarazteko".

Eragile sozial, sindikal eta politikoek Frantziaren erabakia txalotu dute
Eragile sozial, sindikal eta politikoek Frantziaren erabakia txalotu dute
Eragile sozial, sindikal eta politikoek Frantziaren erabakia txalotu dute

3:42
Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Berriak Politika Presoak ETA Albisteak Protestak gaur Bakea Euskadin