Politika -
Katalunia
155. artikuluaren aurka Konstituzionalera jotzea onartu du Kataluniako Parlamentuak
Diputazio Iraunkorra bilduta, ekimenak aurrera egin du JxSí eta SíQueEsPot koalizioen aldeko botoekin, eta CUPen abstentzioarekin.
Agentziak | Erredakzioa
Kataluniako Parlamentuko Diputazio Iraunkorrak onartu egin du asteazken honetan 155. artikuluaren kontrako helegitea aurkeztea Auzitegi Konstituzionalean, JxSí eta SíQueEsPot koalizioen aldeko botoekin, eta CUPen abstentzioarekin. Hain zuzen ere, independentzia aldarrikapenaren ostean ezarri zuen Espainiako Gobernuak 155. artikulua, eta horrek indarrean jarritako neurrien aurka helegitea jartzea babestu du orain Diputazio Iraunkorrak.
Legegintzaldien artean Parlamentuaren botereak babesteko indarrean jartzen den batzordea da, eta abenduaren 21eko hauteskundeen aurretik Parlamentuan zegoen banaketa hartu du oinarritzat. Bertara eraman du proposamena JxSí koalizioak (PDeCAT eta ERC alderdiek osatuta).
Ekimenak aurrera egin du SíQueEsPot koalizioaren botoei esker. Izan ere, CUPek abstentzioaren alde egin du, Konstituzionalari " aginte eta eskumen" hori onartzearen kontra azaldu baita. Gainera, CUPeko ordezkari bakarra dago diputazio iraunkorrean, Eulàlia Reguantek eserlekua utzi zuenean haren ordezkorik ez izendatzea erabaki zutelako. Hala, SíQueEsPot-en aldeko botoak beharrezkoak ziren proposamenak aurrera egin zezan.
Aldeko 11 botoren eta abstentzio bakarraren aurrean, kontrako zazpi bozka izan dira: Cs, PSC eta PP.