Politika -
Gobernu Kontseilua
Eusko Jaurlaritzak baldintzarik gabeko elkarrizketa eskatu du Kataluniarako
2017ko azken Gobernu Kontseiluaren ostean, Josu Erkoreka bozeramaileak esan du Kataluniako hauteskundeek argi utzi dutela elkarrizketan oinarritutako irtenbide politikoa behar dela lurralde horretan.
Agentziak | Erredakzioa
Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzaren bozeramaileak ?erantzun ezberdinak? eskatu ditu Kataluniako gatazkaren aurrean, lurralde horretan joan den astean hauteskundeak egin eta gero, eta ?errealismoan? oinarritutako elkarrizketa ?baldintzarik gabekoa? babestu du.
Gobernu Kontseilaren ondoren egindako prentsaurrekoan Erkorekak adierazi duenez, abenduaren 21eko bozek ?oso argi utzi dute elkarrizketan oinarritutako irtenbide politikoa behar dela?. ?Gizartean oso errotuta dagoen gatazka politiko baten aurrean gaude. Erantzuna ere politikoa izan beharko da?, erantsi du.
Jaurlaritzaren ordezkariaren esanetan, elkarrizketaren oinarria ?errealismoa? izan behar da, eta ez da aurretiazko baldintzarik egon behar, ezpada ?akordioak lortzeko borondatea?.
Erkorekak uko egin dio Felipe VI.aren gabon mezuari buruz hitz egiteari, baina esan du Espainiako Estatuak ?gatazka eta arazo bat? duela aurrean eta bere ?azpiegitura instituzionala? berrikusi beharko duela.
Estatuko Aurrekontu Orokorrak
Espainiako Konstituzioaren 155. artikuluaren aplikazioa eta berorren ?ondorioak? bertan behera utzi arte EAJk kontu publikoak ez dituela negoziatuko esan duela eta, Erkorekak esan du erabaki horren balorazioa PPren Gobernuari dagokiola.
?Gobernu itun sendoa?
Eusko Jaurlaritzaren bozeramaileak EAEko Gobernuaren jardunaz ere hitz egin du gaurko agerraldian, eta esan du urtea bukatzear den honetan 2018ko Aurrekontuak itxita daudela eta EAJren eta PSE-EEren arteko ?gobernu itunak? sendo dirauela.
Horren ildotik, Jaurlaritzak ezarritako lau ardatzetan lan ?oso positiboa? gauzatu dutela esan du: garapen ekonomikoa eta enplegua sortzea, bakea eta bizikidetza, autogobernua eta oinarrizko zerbitzuei eustea.
2018ari begira, Erkorekak azpimarratu du lanpostuak sortzea izango dela helburu nagusia ostera ere.
13,3 milioi, enplegu eta heziketarako
Gobernu Kontseiluak guztira 13,3 milioi euroko hainbat laguntza deialdi onartu ditu gaur, gazteei, langabeei eta lan merkatuan sartzeko zailtasunak dituzten taldeei bideratuta.